Adinekoen Nazioarteko Eguna: zientzia zahartze osasungarria sustatzeko
Azken berriak
Elikagaien xahuketaren aurka hezkuntzaren bidez: etorkizunerako apustua
AZTIk Ikertzaileen Europako Gauarekin bat egiten du
ItsasBalfegók bere proiektuaren azken faseari ekin dio Kantauri itsasoan, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatzeko
ITZIAR TUEROS eta AINARA CANO, Elikadura eta Osasunean ikerlariak
ESTHER SANMARTÍN eta IRENE PERAL, Elikagai Berrietan ikerlariak
Urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu, gure gizartean kolektibo honek duen garrantziaz hausnartzera gonbidatzen gaituen data. Aldi berean, biztanleriaren zahartzearen erronkez ere ohartarazten gaitu. Euskadin, bizi-itxaropena dagoeneko 80 urtetik gorakoa da, eta hurrengo hamarkadetan 65 urtetik gorako pertsonen portzentajea nabarmen haziko dela aurreikusten da. Egoera hau lorpen handia da, baina baita erronka ere: nola bermatu urte gehigarri horiek osasun eta bizi-kalitate onenarekin biziko direla?
AZTIn galdera horri erantzuten saiatzen gara zientziaren bidez, eta bereziki doitasunezko nutrizioaren eta zahartze aktibo eta osasungarria sustatuko duten soluzio berritzaileen bidez.
Índice de contenidos
Doitasunezko nutrizioa: bizitzako etapa bakoitzerako dieta egokitua
Egun, argi dago elikadura ezin dela modu uniformean ulertu: pertsona bakoitzak behar desberdinak ditu, adinaren, genetikaren, hesteetako mikrobiotaren, ohituren eta ingurumenaren arabera. Adineko pertsonen kasuan, desberdintasun horiek are nabarmenagoak dira. Muskulu-masaren galera, zentzumen-perzepzioaren aldaketak edo gaixotasun kronikoen prebalentzia handiagoa faktore garrantzitsuak dira, eta elikadura-egokitzapen pertsonalizatua eskatzen dute.
Teknologia berriek gure gorputza hobeto ezagutzeko aukera ematen digute. AZTI erreferentea da estatu mailan -omika zientzietan, eta CDTIren (Centro para el Desarrollo Tecnológico Industrial) bidez “Cervera Bikaintasun Zentroa” gara, elikadura osasungarriak garatzeko -omika zientzien erabileran. Horren adibide da globulu gorrien mintzeko lipidomika: odol-lagin sinple baten bidez jakin dezakegu gure organismoak zein mantenugai behar dituen eta zer proportziotan. Datu horiek mikrobiotari, bizimoduari, lehentasun sentsorialei edo alderdi psikosozialei buruzko informazioarekin konbinatuta, populazio-profil zehatzagoak sor ditzakegu. Gure esperientzia eta adimen artifizialaren laguntzaz, gomendio nutrizional pertsonalizatuak eta elikadura-irtenbideak garatzen ditugu adinekoen beharretara egokituta.
Adinekoentzako bereziki diseinatutako produktu berriak
Elikagaiek gure gorputzean duten eragina ezagutzeaz gain, adinekoentzako berariaz egokitutako produktuak merkaturatzeko lanean ari gara. Teknologiaren bidez produktu funtzional eta aberastuak garatzen ditugu, bizi-etapa desberdinetara egokituak eta, aldi berean, kontsumitzaileen eskaerarekin bat datozen ezaugarri sentsorialak mantenduz. Horrez gain, jasangarritasun-irizpideak ere errespetatzen ditugu.
Azken batean, adinekoentzako testura, zapore eta nutrizioaren eskakizunei erantzungo dieten elikagai berriak diseinatzen ditugu, elikaduraren segurtasuna eta plazera bermatuz.

Zahartze osasungarria sustatzeko proiektu estrategikoak
Arlo honetako ikerketa proiektu handien bidez gauzatzen da, beste ikerketa-zentro, ospitale eta enpresekin lankidetzan. Adibidez:
- ITTHACA: Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin, Euskadiko adinekoen autonomia luzatzea du helburu, zahartzearen biomarkatzaileak, eredu prediktiboak eta osasunaren monitorizazio-sistemak identifikatuz. AZTIk hesteetako mikrobiota eta elikadura-ohiturak aztertzen ditu dementzia-arriskua murrizteko eta neurozientziako teknologiak aplikatzen ditu elikagaien testurarekin lotutako emozioek elikadura-ohituretan duten eragina ulertzeko.
- BG25: Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, zahartzearen prozesu biologiko eta molekularrak ulertzeko estrategia integrala proposatzen du, biomarkatzaile goiztiarrak identifikatuz eta diagnostiko-teknologia irisgarri eta ez-inbaditzaileak garatuz. Marko honetan, AZTIk aminoazidoen eta lipidoen ikerketa gidatzen du, hantura, mitokondrien osasuna eta funtzio kognitiboa aztertuz.
- BmG25: adinarekin lotutako gaixotasun neurologikoei aurre egiteko ikuspegi diagnostiko eta terapeutiko berriak identifikatzen ditu. AZTIk nutrizio pertsonalizatuaren bidez laguntzen du, elikagaien testura adinekoen behar espezifikoetara egokituz.
- CoDiet: elikadurak eragindako gaixotasun ez-kutsakorrak prebenitzeko tresna eta gomendio nutrizional pertsonalizatuak garatzen ditu.
- LIPIWELL: nutrizio pertsonalizaturako zerbitzua da. Helburua ongizatea eta osasuna hobetzea da, biomarkatzaileak, adimen artifiziala eta ohituren analisia erabiliz. AZTIn garatutako nutrizio zehatzeko tresnak herritarrengana hurbiltzen ditu, aplikazio digital baten bidez.
- ADIMENTEX: Esuko Jaurlaritzak finantzatuta, elikagai testurizatuen diseinurako tresnak garatzea du xede, datu-zientzia erabiliz irtenbide neurrira eraginkorrak sortzeko.
- NUTRIAGE: adinekoen artean elikagaien egiturak zentzumen-jasangarritasunean eta irensteko segurtasunean duen eragina aztertzen du, eta elikagai-egitura funtzional, seguruen eta erakargarrien sorrera bultzatzen du.
Horrez gain, Healthy Ageing Think & Do Tank ekimenaren parte gara, EIT Food-ek sustatua, non ikertzaileak, osasun-profesionalak eta politika-adituak elkartzen diren elikadura-sistemak zahartzearen beharrizan berrietara nola egokitu daitezkeen aztertzeko.
Ikerketatik harago: benetako irtenbideak
Proiektu hauen helburua ez da soilik ezagutza zientifikoa sortzea, baizik eta hori pertsonen bizitza hobetuko duten irtenbide erreal bihurtzea: elikagai egokituak diseinatzea, ohitura nutrizionalak gidatzeko aplikazio digitalak eskaintzea eta diagnostiko-tresnak garatzea, prebentzioan aritzeko.
Zahartzea ez litzateke bizi-kalitatea galtzearen sinonimo izan behar. Horregatik, zientziaren eta berrikuntzaren bidez, adinekoek beren autonomia, osasuna eta ongizatea denbora luzeagoz mantentzea nahi dugu; bizitzari gehitzen zaion urte bakoitza bizipozez eta osasunez betetako urte izan dadin.
