• Zentro teknologikoak indartu egiten du merkatuaren ezagutzatik abiatuta berritu nahi duten enpresentzako aliatu estrategiko gisa duen papera.
  • Joerek elikadura-sistemaren zortzi eraldaketa-ardatz nagusi identifikatzen dituzte: klimaren aurkako erresilientzia, iraunkortasuna, proteinen dibertsifikazioa, gardentasuna, elikadura-segurtasuna, ozeanoak elikagai-iturri gisa, nutrizio pertsonalizatua eta ongizate osoaren aldeko elikadura.
  • EATendencias-ek sektorearen erronka eta lehentasun nagusiak agerian uzteaz gain, enpresei berrikuntza-ibilbide-orriak birdiseinatzeko markoa eskaintzen die. Ikuspegi kolaboratibo batekin uztartuz gero, benetako merkatu-eskariekin bat datozen estrategia eta irtenbide praktikoak susta daitezke.

Derio, 2025eko maiatzaren 28a – Elikadura-sektorea etengabeko bilakaeran dagoen testuinguru honetan, kontsumoa nora doan ulertzea abantaila lehiakor bat baino gehiago da: estrategia-behar bat da. Hori horrela, AZTIk, itsas eta elikadura arloetan espezializatutako zentro teknologikoak, EATendencias 2025–2027 txostena aurkeztu du Food 4 Future ekitaldian, elikadura-joeren azterketan eta haien aplikazio berritzailean erreferente gisa berriz ere kokatuz.

2016az geroztik, AZTIko berrikuntza eta adimen taldeak kontsumo-joeren identifikazioan eta azterketan dihardu, enpresentzako I+G+B aukerak sortzeko helburuarekin. Zientzia, teknologia, gizartea eta negozioa konektatzen dituen ikuspegi honek kontsumitzaileentzat esanguratsuak eta enpresentzat errentagarriak diren soluzioak bultzatzen ditu.

“Joerak ez dira helburu bat berez, baizik eta zentzuz eta eraginarekin berritzeko bide bat. AZTIn, enpresei laguntzen diegu aldaketari aurrea hartzen, merkatuaren ezagutza euren berrikuntza-prozesuetan txertatzen eta testuinguru dinamikoan egokitzen”, azaldu du Sonia Riesco AZTIko berrikuntza-arloko ikertzaileak.

EATendencias: helburuz berritzeko marko bat

EATendencias-ek ikerketa zorrotz baten emaitza dira; joera global handiak kontsumitzailearen, elikadura-sektorearen eta aurrerapen zientifiko-teknologikoen ezagutza sakonarekin uztartzen ditu. Gaur egungo seinaleak dira, etorkizuneko elikadura-sistemaren norabidea iradokitzen dutenak, eta berrikuntzaren inguruan antolatu beharreko lehentasunak markatzen dituztenak.

Hauek dira sektorearen etorkizuna gidatuko duten 8 joera nagusiak:

  1. Erresilientzia lantzen: aldaketa klimatikoari aurre egiteko gai diren elikadura-sistemak.
  2. Alternatibak bilatzen: jasangarriak eta osasungarriak diren aukerak, ingurumen-inpaktua eta elikagaien xahuketa murrizteko.
  3. Proteinen lehia: proteina-iturrien dibertsifikazioa, osasunaren, jasangarritasunaren eta zentzumen-esperientziaren arteko oreka bilatuz.
  4. Sinpletasuna eta gardentasuna: kontsumitzaileen konfiantza irabazteko gardentasuna, gero eta eszeptikoagoak baitira.
  5. Segurtasuna elikaduran: elikagai eskuragarritasuna eta prezioen aldakortasuna erronka nagusi gisa.
  6. Itsasoan janaria: ozeanoak osagai estrategikoen iturri gisa.
  7. Nutrizio 4me: datuetan oinarritutako nutrizio pertsonalizatuaren aldeko bidea.
  8. Ongizatea elikatuz: dieta, digestio-osasuna eta ongizate emozionalaren arteko lotura.

Elikadura eraldatzeko zientzia eta teknologia

EATendencias-en azken edizioak atal berezi bat eskaintzen dio I+G+B-k elikadura-sistema eraldatzeko duen eraginari. Foodture kontzeptuaren pean, AZTIk zein teknologia ari diren elikagaiak ekoizteko, prozesatzeko eta kontsumitzeko moduak eraldatzen identifikatzen du: bioteknologia, zehaztasun-fermentazioa, robotika, zelula-kultiboa edo elikagai seguru, osasungarri eta jasangarriagoak diseinatzeko multi-omikak.

Ikerketak aukera berriak ere azpimarratzen ditu berrikuntzarako: osagai funtzional berriak, proteina alternatiboak, bio-oinarritutako ontziak edo klima-erresilientzia handiagoa duten laboreak, adimen artifiziala, ingeniaritza genetikoa eta mikrobiomaren esplorazioaren bidez bultzatuta.

Enpresentzako ekintza-tresna estrategikoa

EATendencias elikadura-balio-kateko enpresa eta eragileentzako tresna estrategikoa da. Azterketatik harago doa: berrikuntza-aukerak identifikatzeko, arriskuak arintzeko, merkatu-nitxo berriak detektatzeko eta balio-proposamen egokituak diseinatzeko balio du.

“AZTIn uste dugu merkatuaren ezagutza edozein berrikuntzaren abiapuntua izan behar dela. EATendencias sektoreari aurrea hartzeko, egungo egoerara egokitzeko eta etorkizunerako prestatzeko tresna da, zientziaren eta kontsumitzaileen ezagutzaren bitartez. Tresna honen bidez eskuratutako informazioari esker, gaur egungo erronkak eta lehentasunak argiago identifika daitezke, eta horien arabera, enpresek beren berrikuntza-ibilbide-orriak norabidetzeko aukera dute. Ezagutza hori berrikuntza kolaboratiboarekin uztartzean, merkatuko benetako beharrei erantzuten dieten estrategia- eta ekintza-irtenbideak gara daitezke”, amaitu du AZTIko ikertzaileak.

EATendencias txostena deskargatzeko esteka:

Azken berriak