Bloga

Odol tanta batek gure dietari buruzko egia azal dezake?

Egilea: Laura García. Doktoratu aurreko ikertzailea
09.03.2026
Lerroak: Nutrizio eta osasun pertsonalizatua

Edukien aurkibidea

Odol tanta soil batek ondo elikatzen ari garen ala ez esan ahal izango baligu? Pertsona askok dieta osasungarria egiten dutela uste badute ere, jaten duguna neurtzeko ohiko metodoak —hala nola inkestak edo elikadura-egunerokoak— ez dira beti fidagarriak. Azken finean, erraza da zer jan dugun ahaztea edo hartutako kantitateei buruzko pertzepzio okerrak izatea.

Zorionez, gaur egun badira beste aukera batzuk. AZTI zentro teknologikoan egin dugun ikerketa batean, hatzamarretik hartutako odol lagin txiki batek (dried blood spot edo DBS deiturikoak) jaten duguna zehaztasunez islatu ote dezakeen aztertu dugu, bereziki arrain urdinaren kontsumoari dagokionez; izan ere, arrain urdina omega-3 gantz osasungarrietan aberatsa da.

Azterketan 18 parte-hartzailek parte hartu zuten: 18 eta 65 urte arteko gizon-emakume osasuntsuek. Bost astez, 18 pertsona horiek nutrizio-esku-hartze batean aritu ziren. Lehenengo, ohiko dieta egin zuten; ondoren, arraina saihestu zuten; eta, azkenik, astean hainbat aldiz latako berdela jan zuten. Fase bakoitzean, odol laginak hartu eta gantz-azido desberdinen mailak aztertu genituen.

Galdetegietatik neurketa objektibora

Emaitzak argiak izan ziren. Prozasua hasi aurretik, gantz-azidoen profilak parte-hartzaileen artean dieta-eredu desberdinak zeudela erakutsi zuen.

Alde batetik, normalean azukredun esnekiak, edari karbonatatuak eta azukrea kontsumitzen zituzten pertsonek omega-6 gantz-maila handiagoak eta omega-3 gantz-maila txikiagoak zituzten. Hori garrantzitsua da, izan ere, omega-6 maila neurriz kanpo handitzen denean, heriotza-arriskua handitu egiten da. Aitzitik, arrain urdina, edari alkoholdun hartzituak, edulkoratzaileak eta fruitu lehorrak kontsumitzen zituztenek gantz monoasegabeen eta omega-3aren maila handiagoak zituzten.

Hirugarren talde batek, barazki, zereal integral, gazta eta gurin gehiago kontsumitzen zuenak, omega-3 eta omega-6 maila ertainak erakutsi zituen, eta gantz saturatuen maila altuagoak.

Baina, zenbat denbora behar da elikagai jakin batzuk jan ondoren gure gantz-azidoen profila aldatzeko? Uste duguna baino gutxiago. Esperimentuetan ikusi genuen parte-hartzaileek berdel latak jaten bazituzten, odoleko omega-3 batzuen mailak, hala nola EPArena, egun bakarrean handitzen zirela. Beste batzuk, ordea, hala nola DHA, beranduago islatzen ziren. Horrek erakusten du teknika honek dietako aldaketak epe laburrean zein luzean detekta ditzakeela.

Gainera, gantz horien mailak modu desberdinean aldatzen ziren parte-hartzaile bakoitzaren ohiko dieta-ereduaren arabera. Normalean arrain urdina jaten ez zuten parte-hartzaileengan, EPA maila gehiago igotzen zen arraina jan eta hurrengo egunean. Hala ere, DHA ere handitu egin zen arren esku-hartzearen bi asteetan zehar, mailak ez ziren iritsi normalean arrain urdina jaten zuten parte-hartzaileen pare jartzera. Horrek esan nahi du arrain urdinaren kontsumo egoki bati dagozkion omega-3 mailak lortzeko, bi aste baino gehiagoz jarraitu beharko luketela hartzen.

Dieta egokia den galdetegirik gabe jakitea

Metodo berri hau, batez ere, azkarra, erosoa eta ez oso inbaditzailea da. Ez du osasun-profesionalen beharrik, eta erraz aplika daiteke lagin handietan edo baita etxean bertan ere. Gainera, dieta egokia den ala ez identifikatzeko aukera ematen du, eta elikadura-galdetegietan ohikoak diren akatsak saihesten ditu; izan ere, askotan galdetegi horiek ez dute benetan jaten duguna islatzen.

Bestalde, gantz jakin batzuen epe labur eta luzeko aldaketak aztertuta, jakin dezakegu pertsonek nutrizio-plan batean emandako jarraibideak benetan betetzen dituzten ala ez.

Ikerketa honi esker, urrats bat gehiago egin dugu benetan pertsonalizatutako nutrizio-gomendioak eskaintzeko bidean. Azkenean, garrantzitsuena ez baita zer jaten dugula esaten dugun, benetan zer jaten dugun baizik.

Lan hau  CoDiet eta Optiprot proiektuekin lankidetzan egin da.

 

Ikerketa taldea

Laura García Urtiaga

Laura García
Doktoratu aurreko ikertzailea

Harremanetan jarri

Erlazionatutako aktualitatea

Bloga 09.03.2026

Odol tanta batek gure dietari buruzko egia azal dezake?

Gehiago irakurri
Bloga 26.02.2026

Elikaduraren geopolitika: XXI. mendeko botere isila

Gehiago irakurri
Bloga 09.02.2026

EuskOOS-RI: funtsezko azpiegitura Euskadiko kostaldeko itsas behaketarako

Gehiago irakurri
Bloga 14.10.2025

Mikrotomoa: itsasoa geruza finetan mozten zuen erreminta

Gehiago irakurri
Cookieak