Albisteak

Emakumeak Zientzian, hamarkada bat sareak josten

15.01.2026
Emakumeak Zientzian 2026

Gasteizen, 2026ko urtarrilaren 14an. Emakumeak Zientzian programak hamargarren edizioa izango du aurten, eta, orain arteko ibilbideari ez ezik, etorkizunari ere begiratuko dio. Sortu zela hamar urte igaro ondoren, proiektuak berretsi egiten du bere uste sendoa: aurrerapenak aurrerapen, bada oraindik ere desberdinkeriarik zientzian. Hortxe jarraitzen dute, ikusten badugu nola eraikitzen den jakintza, nork duen ahotsa, nork gidatzen duen eta zeinek jarraitzen duen bazterrean. Era berean, honaino iritsi izanari esker hartzen dugu astia zergatik jarraitu behar dugun hausnartzeko. “Marea bizia gara” leloa aukeratuta, 34 euskal erakundek kolektibotasunaren indarra azpimarratu dute aurtengo edizioan, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren karian antolaturiko jarduera-programan.

“Elkarrekin mugimendua sortzen duten ekarpen txiki askori esker egiten du aurrera marea biziak. Ez dago pertsona bakar baten mende, ezta ekintza bakar baten mende ere. Eta horixe da, hain zuzen, sarean bultzaturiko Emakumeak Zientzian proiektuaren espiritua: emakumeen parte-hartzea bultzatzen du, gizartearekin lotura estuagoa duen zientzia irekiago eta bidezkoago baten alde egiten du, eta estereotipoetatik aldentzen diren bokazio zientifikoak inspiratzeko lan egiten du”, adierazi dute Emakumeak Zientzian programaren antolatzaileek. “Marea bizia gara” egitasmoa proiektua ulertzeko modu bat baino gehiago da; egiten jarraitu nahi den bidea ulertzeko modu bat ere bada. Elkarlanean eta konpromisoan oinarriturik eraikitzen da bide hori, konbentziturik zientzia hobea dela aniztasun handiagoa duenean.

Emakumeak Zientzian 2026 programa otsailaren 3tik 11rako astean garatuko da. 70 jarduera baino gehiagoko programa zabal bat diseinatu da, EAE osoan zehar, erakusteko ekintza txikiek, elkarrekin, mugimendu handia sortzen dutela. “Konpromiso partekatuak bultzaturik, Emakumeak Zientzian sarea hazi egin da, eta uste irmo batek ere lagundu du hazkunde horretan: aldaketak, posible izateko, kolektiboa izan behar du nahitaez”, gaineratu dute Emakumeak Zientzian proiektuaren antolatzaileek.

AZTIko zenbait zientzialari programaren parte izango dira: hitzaldiak emango dituzte hezkuntza-zentroetan, elikagaien zientziarekin lotutako esperimentu zientifikoak eta itsas ikerketarekin lotutako jolasak antolatuko dituzte, eta Ainara Cano eta Iraide Artetxeren ponentziak eskainiko dira Emakume zientzialariak atzo eta gaur ekitaldian (otsailak 3, Bilboko Ensanche eraikinean).

Otsailaren 11n amaituko dira hamargarren edizioko jarduerak (Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, hain zuzen), Donostiako Aquariumean egingo den jai-ekitaldi batekin. Amaierako topaketa horretan, gogoeta-prozesu baten ondotik eginiko manifestu edo ekintza-plan bat partekatuko dute. Hark markatuko ditu Emakumeak Zientzian proiektuaren etorkizuneko ildoak, eta ospakizunaren ardatz nagusi bihurtuko da.

Gaur argitaratu da jarduera-programa osoa www.emakumeakzientzian.eus atarian, eta jada eman daiteke izena antolaturiko jardueretan.

Erlazionatutako aktualitatea

Albisteak 12.06.2026

María Jesús Belzunceri nazioarteko aitortza, ICESen egindako ekarpenagatik

Gehiago irakurri
Albisteak 11.06.2026

ItsasBalfegók hegalaburra Kantauri itsasoan industria-mailan gizentzeko oinarriak sendotzen jarraitzen du, hiru lan-ildo nagusiren bidez

Gehiago irakurri
Albisteak 08.06.2026

AZTIk Ozeanoak 2026 Saria jaso du, ozeanoen kudeaketa jasangarriari egindako ekarpen zientifikoagatik

Gehiago irakurri
Albisteak 02.06.2026

Datu-base berri batek Frantziako, Espainiako eta Portugalgo informazioa harmonizatu du, aingira europarraren jarraipena hobetzeko bere migrazio osoan zehar

Gehiago irakurri

Harpidetu zaitez gure newsletterrera, AZTIko azken berriak ezagutzen lehena izateko.

Harpidetu
Cookieak