Edukien aurkibidea
Bartzelona, 2026ko otsailaren 13a.– Bartzelona Hiria Sariek Mediterraneo itsasoaren beroketak Kataluniako kostaldeko arrantza-harrapakinetan eta sektorearen diru-sarreretan duen eragina aztertzen duen ikerketa bat saritu dute. Lana Consejo Superior de Investigaciones Científicas-ek koordinatu du, Instituto de Ciencias del Mar (ICM-CSIC) institutuaren bidez, eta AZTIrekin lankidetzan garatu da.
Ernesto Villarino eta Guillem Chust AZTIko ikerlariek parte hartu duten Global Change Biology aldizkarian argitaratutako artikuluak lotura zuzena ezartzen du Mediterraneoaren tenperaturaren igoera progresiboaren eta harrapakinen osaeran zein arrantza-sektorearen errentagarritasunean izandako aldaketa neurgarrien artean.
Bartzelona Hiria Sarietako epaimahaiak bereziki nabarmendu du ikerketak klima-aldaketaren konplexutasuna tokiko ekonomiaren eta arrantza-komunitateen gaineko eragin zehatz eta ukigarrietan azaltzeko izan duen gaitasuna.
Ikerketak erakusten du azken hamarkadetan itsasoaren tenperaturak etengabe gora egin izanak espezie termofiloen —ur epelagoetara egokitutako espezieen— presentzia areagotu duela, ur epel edo hotzagoetako espezie tradizionalen kaltetan. Prozesu horri “tropikalizazioa” deitzen zaio, eta ez ditu soilik itsas ekosistemak aldatzen; zuzenean eragiten du, halaber, harrapakinen balio komertzialean eta flotaren diru-sarreretan.
Azterketak datu ekologikoak eta ekonomikoak uztartzen ditu, eta lonja eta portu bakoitzaren xehetasunetara jaisten da; horri esker, lurraldearen eta flota motaren arabera dauden eragin desberdinak identifikatu ahal izan dira.
Lucía Espasandín ICM-CSICeko doktoregai eta artikuluaren egile nagusiak azpimarratu du sari honek klima-aldaketak kostaldean dituen ondorioak ikusgarri egiteko duen garrantzia:
«Bartzelona Hiria Saria jasotzea ohorea da, eta aukera bat mahai gainean jartzeko klima-aldaketa ez dela etorkizuneko mehatxu bat, gaur egungo errealitatea baizik. Gure ikerketak erakusten du biodibertsitatearen galerak eta harrapakinen osaeraren aldaketak benetako eragin ekonomikoa dutela. Sari honek bultzada ematen digu arrantza-komunitateentzat premiazkoak diren egokitzapen-estrategiak diseinatzen lagunduko duten datuak eskaintzen jarraitzeko».
Sari hau jasotzeak azpimarratzen du zientzia politika publikoetan eta baliabide naturalen kudeaketan txertatzeko beharra. Ikerketak oinarri sendoa eskaintzen du klima-aldaketarekin lotutako etengabeko eraldaketa-testuinguruan arrantza-sektorean jada gertatzen ari diren aldaketak ulertzeko. Ebidentzia zientifiko horrek etorkizunean sektorearen bideragarritasuna bermatzeko hartu beharreko erabakiak eta egokitzapen-neurriak gidatu ditzake.
Lan honetan, AZTIk bere esperientzia zabala jarri du klima-aldaketak itsasoan, ekosistemetan eta horien mende dauden giza jardueretan dituen ondorioak ikertzen. Zentroak zientzia, modelizazio aurreratua eta behaketa-sistemak erabiltzen ditu eragin horiek nola eboluzionatzen duten aztertzeko eta ezagutza hori kudeaketarako tresna erabilgarri bihurtzeko.
AZTIren parte-hartzeak ikerketaren ikuspegi aplikatua indartzen du, etorkizuneko eszenatokiak aurreikusten lagunduz, kalteberatasunak murriztuz eta ingurumen-eraldaketa azkarraren testuinguruan arrantza-sistemaren erresilientzia sendotuko duten egokitzapen-estrategia eraginkorrak diseinatuz.
Erreferentziazko artikulua: