Edukien aurkibidea
2019ko azaroaren 19a, Erroma – Munduko atlas berri batek –bere generoko lehenengoak– Identifikazio Automatikoko Sistemen (AIS) aukerak eta erronkak aztertzen ditu mundu osoko arrantza jarduera kalkulatzeko.
AIS jarraipenerako teknologia bat da, nabigazioaren segurtasunerako diseinatua, ontzi baten kokapena, identitatea, norabidea eta abiadura jakitea ahalbidetzen duena. Ikasketa automatikoko algoritmoen bitartez, AIS informazioak ontziak itsasoan duen jarduera identifikatzeko aukera ematen digu.
AIS sistemaz hornitutako arrantzontzien kopurua %10-20 ari da hazten urtero, eta, horri esker, teknologia hori gero eta informatiboagoa da.
“AISk industri arrantzako milaka ontziren jarraipen zehatza ematen du, eta jarraipenaren datu zehatz horiei esker kalkuluak egin daitezke arantza jarduerari eta egiten ari den ahaleginari buruz, ia denbora errealean. Atlasak potentzial hori ebaluatzen du, eta erakusten du AIS teknologia baliagarria izan daitekeela arrantzaren inguruko adierazleak kalkulatzeko”, diote Atlasaren hitzaurrean FAO, Global Fishing Watch (GFW), AZTI eta Seychelles Fishing Authority erakundeen ordezkariek, eurak izanik egileak. Atlasa Arrantzaren Jasangarritasunari buruzko FAOren Nazioarteko Sinposiumean aurkeztu dute.
2018an, Global Fishing Watch-ek (GFW) mundu mailako arrantza operazioen lehen datu base bat argitaratu zuen, AISn oinarrituta. Datu multzo horrek 60.000 arrantzontziren jardueraren jarraipena egin zuen, eta mundu osoko arrantza analizatzeko erabili zen. Aitzitik, arrantza jardueraren jarraipena egiteko teknologia berri horren erabilera egiaztatu eta berrikusi egin behar da, arrantzaren kudeatzaileek eta arduradun politikoek guztiz ulertu dezaten bere indarguneak zein mugak.
AISn oinarritutako Arrantza Jardueraren Munduko Atlasak –400 orri ditu–, berrikuspen zehatz hori eskaintzen du.
GFWek bi urtez hartutako datuen analisiaren emaitza da, eskualdez eskualde, arrantzaren inguruko 80 espezialistaren ezagutzan, FAOren arrantza datuetan eta beste datu base zientifiko batzuetan oinarrituta. Atlasean, halaber, bi azterketa zehatz daude Bizkaiko Golkoko arrantzategi guztien eta Seychelleetako tunidoen arrantzategien inguruan ere.
Atlasak dioenez, eskualde batzuetan, esaterako Atlantikoan, AIS datuek 15 metro eslora baino gehiago duten ontzien arrantza jarduerari buruzko ikuspegi ia osoa eman dezakete, eta beste eskualde batzuetan, berriz, esaterako Indiako Ozeanoan, datu horiek arrantza jardueraren zati txiki bat baino ez dute erakusten. Horren arrazoia da, hein batean, erdialde zein hegoaldeko eskualde askotan artisau ontziak edo ontzi txikiak dabiltzala, baina baita ere ontzi handiagoek gutxiago erabiltze dutela AIS tresna, esaterako, Asiako hego-ekialdean. AIS datuen eta beste datu batzuen arteko desberdintasun nagusia Indiako Ozeanoko ekialdeko arrantza jarduerari dagokionean gertatzen da (57. zona).
Oharra: eragile askorentzat, AIS legez kanpoko arrantzaren jarraipena egiteko erabil daitekeen teknologia bat da. FAOk azpimarratu nahi du AISren helburua, bere jatorrian, itsasoko segurtasuna dela –ontziek beste ontzi batzuen kokapena jakiteko–, VMS ez bezala, hori arrantza kontrolatzeko eta arauen betetze maila neurtzeko diseinatu baitzen.
FAOk ez du sustatzen teknologia bat diseinatu zenean zeukan helburura ez den beste bat zuzentzea, baina, aitortzen duenez, ongi analizatzen badira, AIS datuak legez kanpoko arrantza kalkulatzeko ere erabili litezke, egoera jakin batzuetan.
