Edukien aurkibidea
Bizkaiko golkoa interes handiko eremua da itsas espezie askoren kontserbaziorako. Ipar-ekialdeko Atlantikoko eskualde honetan, espezie ugari bizi dira urte osoan zehar edo beren bizi-zikloaren zati batean. Oso ekosistema dinamikoa eta biologikoki aberatsa da, eta itsas megafaunaren komunitate anitza biltzen du, hainbat talde taxonomikotan banatua.
Besteak beste, itsas hegaztien eta zetazeoen dozenaka espeziek maiz erabiltzen dituzte ur hauek. Espezie horiek funtsezkoak dira itsas ekosistemen funtzionamendu eta osotasunerako, elikadura-kateen goiko mailetan kokatzen baitira.
Berebiziko garrantzia du eremu honek elikadura-gune estazional gisa betetzen duen eginkizunak. Bizkaiko golkoa negualdirako eremu garrantzitsua da, eta, era berean, elikatzeko migrazioak egiten dituzten espezie askorentzat funtsezko gunea. Horregatik, itsas hegazti askorentzat migrazio-korridore nagusietako bat da.
“EVALRENAT – Natura 2000 sarearen ebaluazio espaziala, interes komunitarioko espezieen kontserbaziorako Ipar Atlantikoko Demarkazioan” proiektuaren baitan, espezie adierazgarrienak erakusten dituen infografia bat egin da, bai itsas hegaztiei bai zetazeoei buruzkoa. Proiektua Biodibertsitatearen Kontserbaziorako 2019ko deialdiaren barruan finantzatu zuen Biodibertsitatearen Fundazioak, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren bidez.
Infografia José Miguel Mayoren lana da, eta AZTIko hainbat arlotako ikertzaileen ekarpenari esker egin ahal izan da; haiek pentsatu eta landu dituzte edukiak.
Lan hau beste infografia batekin osatzen da, ozeanografia-kanpainei buruzkoa, ilustratzaile berak AZTIko lantalde batekin elkarlanean egina. Bertan, itsas ekosistemen funtzionamendua eta egoera hobeto ezagutzeko ezinbestekoak diren diziplina anitzeko lanak azaltzen dira.