Albisteak

AZTIko ikertzaile Ángel Borjak Odum sari ospetsua jaso du bere nazioarteko ibilbide zientifikoagatik

10.11.2025
Lerroak:

Pasaia, 2025eko azaroaren 10a – Ángel Borja, AZTIko ikertzaile nagusia, saritua izan da Odum Award for Lifetime Achievement sari ospetsuarekin, Estatu Batuetako Coastal and Estuarine Research Federation (CERF) erakundeak ematen duen aintzatespen gorena. Sari honek Ángel Borjaren ibilbide zientifiko bikaina goraipatzen du, bai eta mundu mailan kostaldeko eta estuarioetako ekosistemen ezagutzan, kudeaketan eta kontserbazioan egindako ekarpenak ere.

1997an sortu zenetik, sari hau —Odum familia zientzialari ezagunen omenez izendatua, ekologiaren aitzindariak izan baitziren— Estatu Batuetako ikertzaileei eman izan zaie soilik. Ángel Borja da, hortaz, lehen zientzialari atzerritarra saria jasotzen, eta horrek berretsi egiten du bere lanaren ospe globala eta Europako lidergoa itsas zientzien arloan.

“Plazer eta ohore handia da Odum familiaren ondare zientifikoa duen sari hau jasotzea; izan ere, haien lanek nire bokazioan eta ibilbidean eragin handia izan dute”, adierazi du Ángel Borjak. “Sari hau Europatik kostalde sendoago eta hobeto kudeatu baten alde dihardugun guztion bultzada kolektibo gisa hartzen dut, eta, aldi berean, zientziaren aplikazioak erabaki politikoetan izan behar duen eragina sustatzeko indar berritu gisa ere bai”.

Ángel Borjak 40 urte baino gehiagoko ibilbidea du itsas ikerketan, eta bere jarduera guztia Euskal Herrian garatu du, handik nazioarteko proiekzio handiko lanak eginez. AZTIko diziplina anitzeko 25 ikertzaile baino gehiagoko taldeak gidatu ditu, finantzaketa lehiakor garrantzitsuak eskuratu ditu, eta 30 master eta doktorego ikasle baino gehiago trebatzen lagundu du, Espainia, Portugal, Italia, Txina, Mexiko, Saudi Arabia edo Iran bezalako herrialdeetakoak, besteak beste. Bere lanari esker, AZTI erreferente bihurtu da Europan itsas ekologia aplikatuan.

Bere ikerketek funtsezko ekarpena egin dute Euskadi eta Espainia itsas ingurumenaren babeserako funtsezko esparruetan aitzindari bihurtzeko: kutsaduraren aurkako borroka, ozeanoen osasunaren ebaluazioa, Europako araudiak ezartzea (Uren Esparru Zuzentaraua, Itsas Estrategiaren Zuzentaraua…), itsas espazioen antolamendua, baliabideen kudeaketa jasangarria, ekosistema-zerbitzuen azterketa, genomika ingurumenaren jarraipenean aplikatzea eta klima-aldaketaren azterketa, besteak beste.

Horrez gain, Borjak lan esanguratsua egin du zientzia dibulgazioan eta prestakuntzan. 2004az geroztik, Donostian antolatzen den itsas ikerketari buruzko udako ikastaroa zuzentzen du. 2024an Europako Batzordearen aintzatespena jaso zuen ikastaro honek, bikaintasun akademikoagatik eta nazioarteko proiekzioagatik.

Saria atzo eman zioten, azaroaren 9an, Richmonden (Virginia, AEB) CERFen 28. Biltzar Bienalean, kostaldeko eta estuarioetako ekosistemei buruzko nazioarteko foro nagusitzat jotzen den jardunaldian.

Sari honekin, CERFek ez du soilik ibilbide zientifiko bikain bat aitortzen, baizik eta ikerketa, aplikazio praktikoa eta ozeanoen iraunkortasunarekiko konpromisoa uztartzen dituen ikuspegia ere bai. Epaimahaiaren hitzetan, “Ángel Borjaren lanak mugak eta diziplinak gainditu ditu, ingurumen-kudeaketarako erabilgarria, zorrotza eta eskuragarria den zientzia sustatuz”.

Aintzatespen hau bat dator itsas jasangarritasunaren nazioarteko lehentasun handiekin —hala nola Garapen Iraunkorreko Helburuekin (bereziki 14. helburua: Itsas bizitza)— eta AZTIk sustatzen dituen ezagutzaren transferentzia eta nazioarteko lankidetzaren estrategia-ildoekin.

Erlazionatutako aktualitatea

Albisteak 20.02.2026

Hezkuntza-ekimen berri batek itsasoa Euskadiko ikasgeletara hurbiltzen du

Gehiago irakurri
Albisteak 17.02.2026

Atlantikoko hegalaburra iparralderantz mugituko da ozeanoaren beroketaren ondorioz

Gehiago irakurri
Albisteak 13.02.2026

AZTIk parte hartu duen Mediterraneoaren beroketari buruzko ikerketa batek 2025eko Bartzelona Hiria Saria jaso du

Gehiago irakurri
Albisteak 05.02.2026

Gipuzkoak Oriako ibaiaren itsasadarrean karbono urdineko ekosistemak lehengoratu ditu, klima-aldaketaren aurkako borroka indartzeko

Gehiago irakurri
Cookieak