Bloga

Ezkorra naiz klima-aldaketaren aurrean. Eta horregatik uste dut ekin behar dugula

Egilea: Rogelio Pozo. CEO (PhD)
26.10.2026
Lerroak: Klima Aldaketa

Edukien aurkibidea

Ezkorra naiz klima-aldaketaren aurrean. Hemen azaldu nahi dut zergatik, zenbakien bidez, eta zergatik ez nauen ezkortasun horrek geldiarazten. Aitzitik, ekitera bultzatzen nau.

Datuak ez dira iritziak

Azken hiru urteetako batez besteko berotzea gradu eta erditik gorakoa izan da lehen aldiz, industrializazioaren aurreko garaia erreferentziatzat hartuta. Joan den abuztuak inoiz neurtutako hilabeterik beroenaren errekorra berdindu zuen. Copernicusen kalkuluen arabera, epe luzeko berotzea gradu eta erdira iritsiko da hamarkada honen amaieran, aurreikusitakoa baino hamar urte baino gehiago lehenago. Eta egungo politikei eutsiz gero, Nazio Batuen Erakundeak 2,8 graduko berotzea aurreikusten du mendearen amaierarako.

Horregatik, jada ez diot neure buruari galdetzen Parisen ezarri genuen muga gaindituko ote dugun. Noiz gaindituko dugun galdetzen diot, eta urtez urte epea laburtzen ari da. Gainera, kalkulu horietan ez dira kontuan hartzen itzulerarik gabeko puntuak, ezta prozesua nola bizkortu dezaketen ere.

Hau ez da iritzi kontua. Klima-aldaketa fisika eta matematika kontua da. 1856an, Eunice Foote zientzialari estatubatuarrak beirazko bi zilindro bete zituen, bata airez eta bestea karbono dioxidoz, eta eguzkitan jarri zituen. Karbono dioxidoa zuen zilindroa gehiago berotu zen, eta denbora gehiago behar izan zuen hozteko. Ehun eta hirurogeita hamar urte igaro dira, eta fisika ez da aldatu. Gas kantitatea aldatu da: Charles Keeling 1958an Hawaiin neurtzen hasi zenean, 313 parte zeuden milioiko. Aurtengo maiatzean, berriz, 432: % 38 gehiago.

Gure kostaldean gertatzen ari dena

Gero eta datu gehiago ditugu, eta gero eta gertuagokoak:

Agertokiaren arabera, euskal kostaldeko itsas maila 50 eta 80 zentimetro artean igo liteke mendearen amaierarako.

Eta gogorrena ere esan behar da: egiten duguna egiten dugula, itsas mailak mendeetan jarraituko du gora egiten. Ozeanoaren inertziaren ondorioa da, eta hala jasotzen du IPCCk. Gure esku dago, ordea, zenbat eta zer abiaduratan igoko den jakitea.

Zientziaren egitekoa

Hor dago gure egitekoa: agertoki zehatzagoak lantzea eta ebidentziak eskaintzea, erakundeek ahalik eta ezagutza onenarekin har ditzaten erabakiak. Urban Klima 2050 proiektuan, Eusko Jaurlaritzarekin eta Ihoberekin batera, euskal kostalde osoko uholde-arriskuaren bereizmen handiko modelizazioa egiten ari gara lehen aldiz. Elkarlanaren emaitza da: BC3rekin, unibertsitateekin, BRTAko zentroekin eta Iparraldeko lankideekin batera egiten dugu.

Uhinak kongresuak ere errealitate hori islatzen du: lehen aldiz, udalek berariazko bi mahai-inguru izan dituzte kongresuan. Haiek dira itsasoa hurbiltzen ikusten duten lehenak.

Bozgorailu izatea

Zientzialarion ardura da ikertzea eta ereduak hobetzea. Baina uste dut gure ardurarik handiena beste bat dela: bozgorailu izatea. Gizarteari dakiguna kontatzea, mingarria denean ere bai. Eta egunero kontatzea, ez kongresu batera gonbidatzen gaituztenean bakarrik.

Eunice Footeren historiak gogorarazten digu hori. Lankide batek irakurri zuen haren lana jendaurrean, eta mende bat baino gehiagoz ia inor ez zen hartaz gogoratu. Zientziak kontatzen ez duena galdu egiten da. Eta datuak ditugunok isiltzen garenean, isiltasun horrek uzten duen hutsunea ez da bete gabe geratzen: albiste faltsuek betetzen dute, eta negazionismoari bidea errazten diote. Negazionismoa, berriz, oso erosoa zaio ezer ez egitea nahiago duenari.

Horregatik, bi gauza eskatu nizkien aretoan zeudenei, eta orain zuei ere eskatzen dizkizuet:

Olatu bat

Uhinak, hau da, olatuak. Olatu batek badu liluratzen nauen ezaugarri bat: ura ia ez da lekuz aldatzen; energia da bidaiatzen duena. Tanta batetik bestera igarotzen da, eta horrela zeharkatzen du ozeano oso bat.

Horixe behar dugu: pertsona batetik bestera hedatuko den mugimendu bat, denongana iritsi arte. Kontzientziak astinduko dituen mugimendu bat, gure bilobei gaurko bidetik utziko geniekeena baino mundu jasangarriagoa uzteko konpromisoa hartzera bultzatuko gaituena.

Ezkorra naiz oraindik. Baina zientzialari baten ezkortasuna diagnostiko bat da, eta diagnostikoak ekiteko balio du.

Uhinak izan dadila olatu horren hasiera.

Ikerketa taldea

Rogelio Pozo
CEO (PhD)

Harremanetan jarri

Erlazionatutako aktualitatea

Bloga 03.11.2026

Ekoizpen-lerro, prozesu edo produktu berri batean inbertitu aurretik: zer baliozkotu lehenik?

Gehiago irakurri
Bloga 26.10.2026

Ezkorra naiz klima-aldaketaren aurrean. Eta horregatik uste dut ekin behar dugula

Gehiago irakurri
Bloga 06.10.2026

Sisifo eta kontzientzia planetarioa

Gehiago irakurri
Bloga 04.10.2026

NIR espektroskopia: analisi-denbora laburragoak eta erabaki hobeak elikagai-industrian

Gehiago irakurri

Harpidetu zaitez gure newsletterrera, AZTIko azken berriak ezagutzen lehena izateko.

Harpidetu
Cookieak