Eskala txikian emaitza on bat lortzeak erakusten du zerbaitek baldintza jakin batzuetan funtzionatzen duela. Ekoizpen-bolumena, ekipamenduak eta lan egiteko modua aldatzean ere funtzionatzen jarraituko duen beste kontu bat da, eta horrek erabakitzen du inbertsioa ondo aterako den. Aurrera egin aurretik, merkataritzari lotutako beste zenbait zalantza ere argitzea komeni da: produktuak, prozesuak edo teknologiak dakarren bereizgarria garrantzitsua al da bezero edo erabiltzaile izan daitezkeenentzat? Benetako behar bati erantzuten al dio? Prest al daude irtenbide horrengatik ordaintzeko?
AZTIn elikagai-enpresei laguntzen diegu bide horretan. Gure esperientziak maiz erakusten digu erabaki onenak hartzen dituzten enpresak ez direla ziurgabetasun oro ezabatzen dutenak, baizik eta erabakia aldaraz diezaieketen zalantzak identifikatu eta baliabideak bideratu aurretik argitzen dituztenak.
Nola garatu edo ekoitzi aztertu aurretik, zergatik aukeratuko luketen argitzea komeni da
Joera batek aukera bat dagoela erakuts dezake, baina zehaztu egin behar da: zer beharri erantzun nahi diogun, norentzat eta zer ekarpen egingo genukeen dagoeneko eskura dauden aukeren aldean. Garapenean inbertitu aurretik alderdi horiek egiaztatzeak laguntzen du erabakitzen zein ideia aztertzea merezi duen.
Irtenbidea zehaztu ahala, kontsumitzaileekin eta erabiltzaileekin egindako azterketek aukera ematen dute ebaluatzeko haren ezaugarriek aurreikuspen horiei erantzuten dieten. Zerk bereizten du? Bezero edo erabiltzaile izan daitezkeenek funtsezko ezaugarritzat hartzen al dute bereizgarri hori, eta prest al daude horrengatik ordaintzeko? Produktua, osagaia, osagarria, ekipamendua edo prozesua egokia al da aurreikusitako erabilerarako? Emaitzek lagundu dezakete merkaturatu edo ezarri aurretik zer doikuntza egin erabakitzen, nahiz eta, berez, ez duten merkataritza-arrakasta bermatzen.
AZTIn joeren ikerketa, adimen lehiakorra eta kontsumitzaileekin eta erabiltzaileekin egindako azterketak uztartzen ditugu, erabaki horiek hartzen laguntzeko. Informazio hori garapen tekniko eta ekonomikoarekin batera landu behar da: formulazioan, prozesuan edo teknologian egindako aldaketa batek irtenbidea erakargarri edo bideragarri egiten duten ezaugarriak aldatzen baditu, komeni da ezaugarri horiek berriro ebaluatzea aurrera egin aurretik.
Arriskua ez dago eskala handitzean, egiaztatu gabeko hipotesietan oinarrituta handitzean baizik
Egiaztatu gabeko hipotesi bakoitzak gerora ager daitekeen kostu bat dakar, zuzenketak egitea garestiagoa eta motelagoa den unean. Industrializaziorako bidean, bost galdera hauek berrikustea komeni da.
1. Funtzionatuko al du eskala handitzean?
Eskala aldatzean, baliteke produktuaren eta prozesuaren aldagai batzuk doitu behar izatea. Industrializatu aurretik horretaz jabetzeak aukera ematen du jakiteko egungo planteamenduarekin jarrai daitekeen edo aldatu egin behar den.
2. Behar ditugun ekoizpen-ahalmena eta errendimendua lortuko al ditugu?
Irtenbide bat teknikoki bideragarria izan daiteke, baina aurreikusitako ekoizpen-beharrei ez erantzun. Zuzendaritzak ez du soilik galdetu behar «ekoitzi al dezakegu?», baita «gure industria- eta negozio-planteamenduarekin bat datozen baldintzetan egin al dezakegu?» ere. Erantzunak aurreikusitako bidea berrets dezake, edo ekoizpenaren neurria berrikustea, prozesua doitzea nahiz beste aukera bat aztertzea komeni dela erakutsi.
3. Ekoitzi nahi dugun produktuaren ezaugarriei eutsiko al diegu?
Eskala handitzea ez da gehiago ekoiztea soilik. Prozesuaren aldaketa batek produktuaren ezaugarriak alda ditzake; beraz, irtenbide bat baliozkotzat jo aurretik, biak batera aztertzea komeni da. Ebidentziak erakusten du aurrera egin daitekeen edo oraindik formulazioa nahiz baldintzak doitu behar diren. Kalitateko taldeentzat, horrek esan nahi du egiaztatu behar dutela zehaztapenak eta segurtasunari nahiz bizitza baliagarriari lotutako eskakizunak betetzen direla, eta eskaini nahi diren ezaugarriei eusten zaiela, baita zentzumenezkoei ere, garrantzitsuak direnean. Merkatuarekin lotutako taldeentzat, berriz, produktuaren posizionamenduan eta espero den inbertsio-itzulkinean du eragina.
4. Teknologia edo ekipamendu egokia al da?
Inbertsio bat teknologia jakin baten mende badago, inbertsio-konpromisoa hartu aurretik probatzeak erabakitzeko funtsezko informazioa ematen du. Garrantzitsuena ez da teknologia modu isolatuan egiaztatzea, baizik eta jakitea nola funtzionatzen duen gure produktuarekin eta nola txertatzen den gure prozesuan.
5. Sortu dugun ebidentzia fidagarria al da?
Erabaki baten sendotasuna hura oinarritzen duten datuen araberakoa da: formulazioak, lehengaien loteak, proba bakoitzaren baldintzak, nutrizio-balioak, kostuak… Datu horiek kalkulu-orrietan sakabanatuta badaude, eta bertsioak bat ez badatoz, denbora behar da zer probatu zen, zerekin eta zer baldintzatan berreraikitzeko, eta akatsak egiteko arriskua ere badago; hain zuzen ere, erabakia batzorde baten, bezero baten edo auditoria baten aurrean justifikatu behar denean.
Adibide bat: teknologia industriarekin batera baliozkotzea
Atun- eta hegaluze-kontserben enpresek arazo ezagun bati egin behar diote aurre: egosteko erabiltzen diren gatzunek, gazitasun handia dutenez, isurketa zailtzen dute eta kudeaketa garestitzen dute. Erronka zen inpaktu hori murriztea eta, aldi berean, azpiproduktuetatik balioa sortzea.
AZTIko taldeak, sektoreko enpresekin elkarlanean, gatzunak birsortzeko sistema bat garatu zuen. Sistemak aukera ematen du ur gazia berrerabiltzeko, nahi ez diren konposatuak bereizteko eta balio handiko frakzioak berreskuratzeko. Besteak beste, emaitza hauek lortu ziren:
- Sortutako gatzunaren % 90eraino berrerabiltzea, uraren eta gatzaren kontsumoa murriztuta.
- Proteina-kontzentratu bat berreskuratzea, elikadura funtzionalean edo animalien elikaduran erabiltzeko aukera duena.
- Kudeaketa-kostuak eta ingurumen-inpaktua murriztea, isurketak gutxituz eta ekoizpen-instalazioko uraren zikloa itxiz.
Gure ikuspegiaren adibide ona da: enpresaren galderari —teknologia honek nire arazoa konpon al dezake, nire baldintzetan?— ebidentzian oinarrituta erantzutea, teknologia aplikatuko duenarekin elkarlanean.
Proba batek ere balioa ematen du erabakia berrikusten laguntzen duenean
Baliozkotzearen balioa informazio fidagarria sortzean datza, inbertsio-konpromisoa hartu aurretik erabakirik egokiena hartzeko.
Baliozkotzeak aurrera egitera eraman dezake, baina baita prozesua aldatzera, ekoizpenaren neurria berrikustera, produktua birformulatzera, beste ekipamendu bat ebaluatzera, proba berriak planteatzera edo aukera bat aurreikusitako inbertsioa jasotzeko oraindik behar bezain heldua ez dela ondorioztatzera ere. Kasu guztietan, haren ekarpena ziurgabetasuna murriztea eta erabakia ebidentzian oinarrituta bideratzea da.
Ziurgabetasunetik ebidentziara
Horixe da proba pilotuen egitekoa. Ez dute industria-eskala ordezkatzen, ezta haren arriskuak ezabatzen ere. Funtsezko hipotesiak tarteko eskala batean egiaztatzeko eta hurrengo urratsa erabakitzeko behar den informazioa sortzeko aukera ematen dute.
AZTIk ia 1.000 m²-ko planta pilotu bat du, diseinu higienikokoa, elikagaien industriako ekoizpen-prozesua simulatzen duena. Produktuak, prozesuak eta teknologiak eskala aurreindustrialean garatzeko eta baliozkotzeko aukera ematen du, inbertsio handirik egin gabe. Baliagarria da bai elikagai-enpresentzat, bai beren teknologia industria-baldintzak islatzen dituen ingurune batean probatu nahi duten ekipamendu-fabrikatzaileentzat.
Sortutako ebidentzia fidagarria eta trazagarria izan dadin, AZPilotManager ere garatu dugu: formulazioa, inbentarioa eta trazabilitatea kudeatzeko software bat, I+Gko taldeen eta elikagai-enpresetan produktuen garapenean parte hartzen duten pertsonen beharretara egokitua. Osagaien eta produktuen fitxak zentralizatzen ditu, alergenoak identifikatzen ditu, nutrizio-balioak eta kostu teorikoa kalkulatzen ditu, eta proba bakoitzaren jarraipena egiteko aukera ematen du, lehengaitik azken elaboraziora arte. Enpresaren beraren zerbitzarietan funtzionatzen du, eta baimendutako langileek soilik dute sarbidea. Horrek produktuen garapen-prozesua eraginkorragoa egiten du, eta ondoren industria-eskalara igarotzeko behar den informazioa enpresa barruan kudeatzea errazten du.
Merkatuko aukera egiaztatzeak, irtenbidearen onarpena edo erabilgarritasuna ebaluatzeak, eskala aurreindustrialean baliozkotzeak eta garapeneko datuen trazabilitatea bermatzeak ebidentzia ematen dute erabakitzeko zer eraman industria-eskalara eta zer doitu behar den aurrera egin aurretik.
Baina abiapuntua ez da planta pilotua, ezta I+Ga kudeatzeko software bat ere. Hartu beharreko erabakia da.
Zer frogatu beharko zenuke inbertitu aurretik? Hitz egin dezagun.