Edukien aurkibidea
Non egongo dira arrantza-baliabideak? Zer baldintzak eragin diezaiokete portuko eragiketa bati? Nola bilaka daiteke denborale bat, edo norantz heda daiteke isuri bat? Erabaki desberdinak dira, baina guztiek dute zailtasun bera: etengabe aldatzen ari den ozeano baten mende daude.
Arrantza-erakundeentzat, itsas sektoreko enpresentzat eta administrazioentzat, itsasoaren egoerari eta bilakaerari buruzko informazio fidagarria izateak aukera ematen du eragiketak planifikatzeko, arrisku-egoerei aurrea hartzeko eta baliabideei, jarduerei eta azpiegiturei buruzko erabakiak oinarri sendoagoekin hartzeko.
AZTI Insights: Ozeanografia operazionala argitalpenaren edizio berriak, aplikazioen eta kasu errealen bidez, erakusten du nola bihur daitezkeen itsasoko datuak erabakiak hartzeko informazio baliagarri, ozeanoaren etengabeko behaketari eta iragarpen-ereduei esker.
Tenperaturak, itsaslasterrek eta beste ingurumen-baldintza batzuek eragina dute espezieen banaketan. Baldintza horiek aldatzen direnean, arrantza-baliabideekin duten lotura ulertzeak lagundu egiten du gertatzen ari dena hobeto interpretatzen eta baliabide horiek ebaluatzeko eta kudeatzeko eskuragarri dagoen informazioa osatzen.
Ozeanografia operazionalak, besteak beste, tenperatura- eta produktibitate-mapak, antxoaren eta berdelaren moduko espezieen banaketari buruzko informazioa eta arrain-populazioen (stocken) ebaluazioak zein kanpaina zientifikoak egiteko datu lagungarriak eskaintzen ditu.
Horren adibide da PIXEL proiektua. Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (FEMPA) bidez, eta berdelaren, antxoaren eta txitxarroaren ustiapen jasangarria hobetzea du helburu. Horretarako, stocken ebaluazioan egindako hobekuntzak eta ingurumen-baldintzetan oinarritutako arrantza-eremuen iragarpen-tresnak uztartzen ditu.
Berdelaren arrantza-kanpainan, urpeko ibilgailu autonomoek, glider izenez ezagunek, ur-zutabea monitorizatzeko eta tenperatura, gazitasuna eta beste aldagai batzuk erregistratzeko aukera ematen dute. Lortutako datuek bereizmen espazial eta denboral handiko iragarpen-ereduak elikatzen dituzte, berdelaren banaketan etorkizunean gerta daitezkeen aldaketen aurrean erabaki hobeak hartzen laguntzeko.
Portu batean sartzeko edo handik irteteko maniobrak, itsas zabaleko (offshore) instalazio bateko eragiketak edo kostaldeko obrak itsasoaren egoeraren mende daude. Olatuen, itsaslasterren eta itsas mailaren bereizmen espazial handiko iragarpenak izateak informazio baliagarria eskaintzen du itsas trafikoa kudeatzeko, portuko maniobrak egiteko, langileen segurtasuna bermatzeko eta kostaldeko obrak planifikatzeko.
Informazio ozeanografikoari esker, mantentze-lan prediktiboko estrategietarantz ere aurrera egin daiteke, olatuek, itsaslasterrek, itsasoaren harrotasunak eta beste faktore batzuek dikeetan, kaietan eta ingurumen-baldintzen eraginpean dauden egituretan izan dezaketen eragina aurreikus baitaiteke.
Baina informazio horren erabilgarritasuna bereziki agerian geratzen da larrialdi bati erantzun behar zaionean. Maiztasun handiko radarren datuak eta EuskOOS ereduaren iragarpenak Itsas Salbamenduko sistemetan integratuta daude, bilaketa-eragiketetan laguntzeko eta itsas larrialdiei erantzuteko gaitasuna indartzeko.
Sareak azaleko itsaslasterren orduroko mapak ematen ditu denbora errealean, Bizkaiko golkoaren hego-ekialdean 10.000 km² inguruko eremua hartzen duten maiztasun handiko bi radarren bidez.
Toconao ontziak isuritako plastikozko pelletak horren adibide argia dira. AZTIk egindako jito-iragarpenak lagungarri izan ziren Eusko Jaurlaritzak ITSASERTZA plana prebentzioz aktibatzeko —2019an onartu zenetik lehen aldiz— eta, ondoren, desaktibatzeko.
Kasu horrek agerian uzten du zeinen baliagarria den kutsatzaileen ibilbidea eta sakabanaketa modelizatzeko gai diren sistemak izatea, administrazio batek larrialdi posible baten aurrean nola jokatu erabaki behar duenean.
Ildo horretan, POLARIS proiektua 2026tik ari da plastikozko pelleten isuriei erantzuteko sistema operazionalak garatzen. Lanen helburua da kostaldeko garraio- eta metaketa-ereduak hobetzea, arrisku-mapak sortzea eta erabakiak hartzen laguntzeko tresnak garatzea.
Erabaki guztiek ez diote berehalako larrialdi bati erantzuten. Natura-baliabideak, kostaldea edo azpiegiturak kudeatzen dituztenek beste erronka bati ere egin behar diote aurre: ozeanoa nola aldatzen ari den ulertzea eta epe luzeko joerak eta aldaketak aztertzeko aukera emango duten datu-serie jarraituak izatea.
Itsasoko bero-boladek, adibidez, ondorioak dituzte biodibertsitatean, merkataritza-intereseko espezieen banaketan eta nahi ez diren organismoen ugaritzean. 2024tik, AZTIk glider bidezko misioak egiten ditu Bizkaiko golkoan, uda hasieran itsasoaren gainazalean gertatzen diren berotze-episodioen hedadura horizontala eta bertikala aztertzeko. Informazio hori behaketa-sare finkoko datuekin eta satelite bidezko datuekin uztartzen du.
Argitalpenak ibaietatik itsasora iristen diren urei buruzko ikerketak ere jasotzen ditu. Ur horiek garrantzi handia dute, estuarioetako eta kostaldeko eremuetako mantenugaietan, produktibitatean eta uraren kalitatean eragiten baitute.
Bestalde, Ostreopsis mikroalgaren ugaritzea bezalako arazo berriei aurre egiteko, AZTIk parte hartzen duen OSTREOBILA proiektua behaketak eta modelizazioa integratzen ari da, mikroalgaren agerpena eta bilakaera aurreikusteko eta alerta-sistemak zein arriskuaren kudeaketa hobetzeko. Proiektua % 65ean finantzatzen du Europar Batasunak, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren bidez (POCTEFA 2021-2027).
Erronka horiek guztiek behar berbera dute abiapuntu: ozeanoari buruzko informazio konplexua erabakiak hartzeko erabil daitekeen ezagutza bihurtzea.
Horretarako, EuskOOS sistemak buia ozeanografikoak, kostaldeko estazioak, mareografoak, maiztasun handiko radarrak eta beste teknologia batzuk uztartzen ditu, denbora errealeko datuak eta bereizmen handiko iragarpenak sortzen dituzten zenbakizko ereduekin batera. Sistema hori AZTIk eta Euskalmetek garatu eta ustiatzen dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren enkarguz.
Azpiegitura horri Pasaia Ocean Autonomy (POA) gehitzen zaio. Bertatik, AZTIk itsas ibilgailu autonomoak operatzen ditu eta, besteak beste, neurrira egindako monitorizazio-kanpainak, sentsoreen eta plataformen integrazioa eta teknologien balidazioa egiten ditu.
Teknologia, ordea, bitartekoa da. Helburua da informazio hobea izatea, ozeanoan zer gertatzen ari den ulertzeak eta haren bilakaerari aurrea hartzeak erabaki bat hartzeko garaian aldea eragin dezaketen egoeretan.
AZTI Insights: Ozeanografia operazionala argitalpenaren edizio berriak ozeanoaren behaketak eta iragarpenek arrantzan, itsas segurtasunean, kostaldearen kudeaketan eta larrialdiei erantzuteko jardueretan dituzten aplikazio horiek eta beste batzuk biltzen ditu.
Kontsultatu argitalpena: Deskargatu AZTI Insights: Ozeanografia operazionala