2018ko martxoaren 23a. Aurten leloa “Eguraldirako prest, klimari adi” izango duen Meteorologiaren Mundu Eguna dela eta, Segurtasun Sailak EuskOOS aurkeztu du, AZTIren aholkularitzarekin Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak kudeatzen duen Euskadiko Ozeanografia Operazionaleko erreminta berria, eta kostaldeko itsasoaren arriskuak, itsasoko segurtasuna edo kostaldeko turismoa kudeatzeaz arduratuko da.

Ekitaldiaren buruan Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia izan da, eta, besteak beste, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak ere parte hartu dute bertan.

EuskOOs euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago erabilgarri Euskalmeten webgunean (www.euskalmet.euskadi.eus). Erreminta berri honen helburuak dira EAEko kostaldeko itsasoaren uneko egoeraren deskribapen zehatza ematea, itsasoaren etorkizuneko kondizioen iragarpen jarraituak egitea eta euskal kostaldeko erabiltzaileei produktu ozeano-meteorologikoak ematea.

AZTIko merkatu-zuzendari Adolfo Uriartek adierazi duenez, “EuskOOS erremintaren datuak ekonomia urdina deiturikoko sektoreekin eta baliabideen kudeaketa iraunkorrarekin zerikusia duten produktu askotan integratzen dira. Era horretara, baliagarria izango da kostaldeko itsasoko arriskuen arloan iragarpen hobeak egiteko, salbamenduarekin eta itsasoko segurtasunarekin lotutako ekintzak optimizatzeko eta kutsaduraren aurkako borrokan laguntzeko, klima-aldaketari erantzunez itsas energiak balioestea barne dela”.

Uriarteren arabera, “EusKOOS erremintak eragin positiboa izango du turismoaren eta aisialdiaren sektorean; izan ere hondartzetan itsaslasterrak bideo-monitorizatzeko sistemak aktibatzeak arriskuko eremuak hobeto seinaleztatzen lagunduko du, eta horrek eragin berezia izango du hainbat jardueraren, besteak beste, hondartzetako bainuen, urpekaritzaren, surfaren, kirol-arrantzaren, aisialdiko belaren, eta abarren segurtasunean”.

Azken berriak