● Zentro teknologikoak “Oarsoaldea Urdina” lehiaketa abiatuko du gaur, asteartea, itsasoari lotutako jardueren hazkunde jasangarrian lagunduko duten ideiak eta proiektuak aurkitzeko
● Ideiak Gipuzkoako Oarsoaldea eskualdean aplikatzeko modukoak izan beharko dira, eta ekonomia urdinari lotutako EAEko zein estatuko gainerako lurraldeetan aplikatzeko eskalagarriak
● Estatu osoko pertsona fisiko edo juridikoek irailaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak Eusko Jaurlaritzak finantzatutako ekimenean

Pasaia, 2022ko uztailaren 26a– Ekonomia Urdinak, Europar Batasunaren arabera, itsasoek eta ozeanoek eragile ekonomiko gisa duten garrantzia jasotzen du, berrikuntzarako eta hazkunderako duen potentzialagatik. Arrazoi hori tarteko, Europako Itun Berdearen estrategiaren barruan txertatu da, helburua izanik itsasoan egiten diren jarduera ekonomiko ororen garapen jasangarria sustatzea, edo itsasoko jarduera ekonomikoei ondasunak eta zerbitzuak ematen edo balioa gehitzen dieten jarduerak bultzatzea.
Testuinguru horretan, AZTIk “Oarsoaldea Urdina” lehiaketa jarri du abian, Gipuzkoako Oarsoaldea eskualdean Ekonomia Urdina sustatuko duten ideia berritzaileak bilatzeko. Uztailaren 26tik aurrera, datorren irailaren 26ra arte, parte hartu nahi duten estatu osoko pertsona fisiko edo juridikoek banaka edo taldean parte hartu ahal izango dute, ESTEKA honetan izena emateko dagoen inprimakia betez.

AZTIk bultzatu eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duen ekimenaren helburua da eskualdean itsasoari lotutako ondasunen eta zerbitzuen eskaintza dibertsifikatzea, horrela, eskualdearen hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatzeko. Lehentasunezkotzat identifikatu diren gaiak dira energia berriztagarriak, akuikultura, ontzi autonomoak, itsas behaketa, ontzien elektrifikazioa, arrantza produktuen balio erantsia, etab.

“Ideia berritzaile eta originalak bilatzen ditugu, denboran erabilgarriak izan daitezkeenak eta, Oarsoaldera bideratuta egon behar duten arren, Euskal Herriko edo Espainiako beste lurralde batzuetarako ere eskalagarriak izango direnak”, azaldu du Gorka Gabiñak, AZTIko Arrantza Teknologia Jasangarriaren arloko koordinatzaileak.

Zehazki, diziplina anitzeko talde batek osatzen duen epaimahaiak, kideak izanik AZTIko teknikariak, Tecnaliako aditu gonbidatu bat, Pasaiako Portuko Administrazioa, Eusko Jaurlaritza eta Oarsoaldeko Garapen Agentziako ordezkari bat, fase komertzialean dauden eta martxan jartzeko moduan eta epe labur/ertainean gauzatu daitezkeen ideiak zein oraindik formulazio etapa batean dauden kontzeptu edo teknologiak baloratuko dituzte.

Horrenbestez, lehiaketak hiru sari emango ditu, proposamenak zein fasetan dauden oinarri hartuta: 10.000 euro oinarrizko ideia irabazlearentzat, 25.000 euro merkaturatu aurreko fasean dagoen proiektu irabazlearentzat eta 55.000 euro fase komertzialean dagoen proiektu irabazlearentzat.

Gainera, lehiaketaren irabazleek espazio fisiko bat izango dute AZTIko instalazioetan, sei hilabeteko epean, proiektua edo ideia garatzeko, eta AZTIko adituen eta Oarsoaldeko Ekonomia Urdinaren Poloa garatzen diharduten beste erakunde laguntzaile batzuen sare baten aholkularitza izango dute, proposamena epe horretan bizkortzeko.

Hurrengo esteketan lehiaketaren oinarriak eta ideia eta proiektuak aurkezteko plantilak daude eskuragarri.

Azken berriak