lema

Itsasoko zaborra modu adimendunean biltzeko eta kudeatzeko tokiko agintarientzako ekimena

Europako LIFE LIMA proiektuak aurreikusten du 100 tona itsasoko zabor biltzea hurrengo hiru urteetan Bizkaiko golkoko, Gipuzkoako eta Lapurdiko uretan. 1,2 milioi euro inbertitu ditu Europar Batasunak itsasoko zaborra modu adimendunean biltzeko eta kudeatzeko tokiko agintarientzako ekimen honetan.

Ur gaineko zaborra jasotzeko eta kudeatzeko zerbitzu adimendun bat ezartzea du helburu, tokiko agintariei laguntzeko ikuspegi jasangarri bat izan dezaten kostaldea garbi mantentzeko eta ingurumenean eta gizartean sortutako inpaktu negatiboak murrizteko.

Itsasoko zaborra biltzeko, bi arrantza-ontzi eta hiru garbiketa-ontzi erabiliko dira, eta hiru lanpostu sortuko ditu, gutxienez, jarduera horrek. Egin beharreko jardueren aurrean, aurreikusten da, besteak beste, ur gaineko hesi bat jartzea Deba ibaiaren ahoan, itsasoko zaborra metatzeko, eta bi bideo-kamera instalatzea Aturriren eta Oriaren ahoan, porturatzen diren zaborrak monitorizatzeko.

Tokiko agintarientzako soluzioak sustatuko ditu proiektuak, Europako Itsas Estrategiaren 2008/56/EE Esparru Direktiba bete dezaten. 2020a amaitu baino lehen itsasoko ur guztiak ingurumen-egoera onean egoteko helburua du direktiba horrek. Hain zuzen ere, zaborrak dira itsasoko urak egoera onean dauden detektatzeko erabiltzen den irizpideetako bat. Proiektuan aurreikusitako lantaldeek egingo dituzte gomendioak, eta itsasoko zaborrei buruzko Europako sare bat ezarriko da, zeinak sustatuko baitu Europako adituekin eta antzeko ekimenekin elkarrizketak izatea.

Bazkideak: Gipuzkoako Foru Aldundiak gidatzen du proiektua, AZTI da koordinatzaile teknikoa, eta erakunde hauek parte hartuko dute: Lyonnaise des Eaux, Ville de Biarritz, Syndicat mixte Kosta Garbia eta Surfrider Foundation Europe.

Finantzaketa: Europar Batasuna, DG Environment. LIFE programa (LIFE15 ENV/ES/000252)

Iraupena: 2016ko irailetik, eta 2019ko irailareraino.