Itsas ekosistemen ikerketan espezializatuta gaude. Egitura eta funtzionamendua ezagutzeari esker, ingurunea eta baliabideak hobeto kudeatzeko aplikatu ahal izango da.

Lau jarduera-arlo nagusi ditugu:

Klima-aldaketa

Etorkizuneko erronka handienetako batekiko konpromisoa dugu: klima-aldaketak itsas ekosistemetan zer eragin duen jakitea eta haiek arintzeko neurriak proposatzea; bereziki, giza jarduerekin eta baliabide eta zerbitzuen ustiapenarekin lotutakoak.

Energia berriztagarrien sektoreko enpresei ingurumen-inpaktuaren azterketak egiten laguntzen diegu. Administrazio publikoei aholku ematen diegu klima-aldaketara egokitu beharreko planak —lurraldearen antolamenduarekin eta ekosistemen kontserbazioarekin lotutakoak— egiten.

Gure ikerketa-proiektuak lau arlotan ardazten dira:

  • Oharrak, joerak eta sistemaren ereduak sortzea. Ekosistemako espezie eta talde trofiko garrantzitsuen banaketa, ugaritasuna eta populazio-dinamika aztertzen dugu. Aldagai horiek klima-kondizioetan gertatzen diren aldaketen arabera nola alda daitezkeen aztertzen dugu habitat-ereduen eta ekosistemen bidez.
  • Etorkizuneko egoeren simulazioa. Etorkizuneko egoeren simulazioak egiten ditugu, eta aholku ematen diegu administrazio publikoei erregimen ozeano-klimatologikoetan eta espezieen migrazioetan gerta litezkeen aldaketen inguruan.
  • Inpaktuen, ahultasunen eta egokitasunaren ebaluazioa. Klima-aldaketak itsas baliabideetan, ekosistema naturaletan eta kostaleko hiri-eremuetan duen eragina minimizatzeko, hauetan espezializatu dira gure ikertzaileak: klima-aldaketaren etorkizuneko egoeretara egokitzeko modurik onenak (inpaktu–arriskuen mapak eta ahultasun-adierazleak) definitzen, har litezkeen neurri zuzentzaileak aztertzen eta kontingentzia-planak egiten. Ekosistemek ematen dituzten ondasunak eta zerbitzuak nola kaltetuko liratekeen definitzen dugu, eta egokitzapenaren kostu sozioekonomikoak aztertzen ditugu.
  • Klima-aldaketaren ondorioak arintzea (emisioak murriztea). Zer neurri zuzentzaile ezar litezkeen aztertzen dugu, eta haien eraginkortasuna eta eragina ebaluatzen ditugu; bereziki, habitat interesgarrien, espezie ahulen eta ekosistemen kontserbazioari lotuta.

Itsas ekosistemen funtzionamendua

Ozeanoen eta itsasoen ikuspegi orokor bat izateko aukera emango digun informazioa biltzen dugu, haietan gertatzen diren prozesu konplexuak ulertzeko.

  • Ekosistemari buruzko informazioaren integrazioa. Ekosistemak ezagutzeko eta modu jasangarriagoan ustiatzeko datu esanguratsu guztiak biltzen ditugu.
  • Ekosistemen egitura, geneetatik hasi eta super harraparietaraino. Osagai biotikoak (biodibertsitatearen karakterizazioa, komunitateen egiturak eta dinamika eta haien arteko erlazio trofikoak) eta abiotikoak (habitatak eta ingurumen-kondizioak) aztertzen ditugu, bai eta ingurunearen kondizioek —bereziki, espezie komertzialei eragiten dietenek— prozesu biologikoetan dituzten ondorioak ere (hazkuntza, biziraupena, hilkortasuna eta erreklutamendua).
  • Itsas ekosistemaren funtzionamendua. Ekosisteman gertatzen diren prozesu fisiko eta biologikoak ulertzen eta deskribatzen saiatzen gara. Azken xedeetako bat da prozesu horien eredu bat egitea, ekosistemaren funtzionamenduaren simulazioak egiteko; hala, funtzionamenduaren errendimendua hobetzen da, eta aukera ematen du etorkizuneko simulazioak egiteko.
  • Ekosistemaren ebaluazio integrala. Ekosistema ezagutzeak eta haren eredua egiteak aukera emango digu hura ebaluatzeko eta etorkizuneko egoerak simulatzeko tresnak sortzeko.

Eragiketa-ozeanografiako sistemak

Gure ikertzaileak adituak dira aldagai ozeanografikoak neurtzeko tresna aurreratuak erabiliz prozesu hidrodinamikoak eta sedimentarioak aztertzen.

  • Ingurunearen karakterizazioa. Itsas ingurunea behatzeko eta haien ezaugarriak zehazteko lehendik dauden teknologiak eta teknologia berriak aplikatzen ditugu.
  • Prozesu fisikoak. Prozesu ozeanografikoak aztertzen ditugu, itsas kondizioen, muturreko gertaeren eta haiek gure kostaldeetan nahiz itsas organismoen —bereziki, ustia daitezkeen populazioen— dinamikan duten eraginaren jarraipena eta aurreikuspena egiteko.

Biologia molekularra eta ekologia.

Gure ikertzaileak kudeaketa jasangarriari eta ozeanoen balorizazioari lotutako irtenbideak lortzen saiatzen dira.

Hauen bidez egiten dugu lan:

  • Ekologia molekularraren ezagutza-oinarria. Espezieen arteko eboluzio-erlazioak aztertzen ditugu, teknika filogenetikoen bidez; erreferentziazko genoma-informazioa sortzen dugu, hala nola genomak, transkriptomak eta ligamendu-mapak; poliformismo genetikoak identifikatzen ditugu (SNPak).
  • Ekologia molekularra. Identifikazio taxonomikoa egiten dugu begiz identifikatzeko zailak diren espezimenen (arrautzen, larben) teknika genetikoen bidez (barcoding); ingurumen-laginen dibertsitate taxonomiko (metabarcoding) eta metabolikoa (metagenomika, metatranskriptomika) zehazten ditugu, espezieak nola dauden banatuta eta ekosisteman zer funtzio duten aztertzeko; ingurumen-egoera monitorizatzeko eta ingurumen-faktoreen ondorioz espezieen osaeran gertatzen diren aldaketak identifikatzeko tresnak garatzen ditugu; elikadura-katearen egitura aztertzen dugu (harrapakariaren eta harrapakinaren arteko interakzioak), urdaileko edukien analisi genetikoaren bidez; itsas espezieen populazio-egitura eta azpitaldeen arteko konektagarritasuna zehazten ditugu, polimorfismo genetikoen azterketaren bidez, informazioa emateko eta, hartara, interes komertzialeko espezieak eta babestutako itsas eremuak hobeto kudeatzeko.

Unai Cotano