Elkarrizketa Central Lechera Asturianako zuzendari Francisco Javier Echevarríari. Enpresa hori liderra da esne-sektorean, eta lankidetzan dihardu AZTI-Tecnaliako Elikagaien Ikerketako Unitatearekin.

CAPSArentzat, berritzea da krisi-garaian bizirik irauteko modua.

Elikagai-korporazioak apustu irmoa egin du I+Gko proiektuetan. Zein dira hurrengo erronkak?

CAPSAren oinarri estrategikoetako bat berrikuntza da, 360 graduko berrikuntza. Parte-hartzaile guztiok gai izan behar dugu ekarpenak egiteko. Izan ere, ekarpenak ezinbestekoak dira konpainiarentzat balioa sortzeko, barne-ezagutzan nahiz kanpo-ezagutzan oinarrituta. Etengabeko berrikuntza dugu ezaugarri: beiraren alde egin beharrean, plastikozko botilaren, UHT botilaren, Tetragemina ontziaren eta abarren aldeko apustua egin dugu. Gaur egun, “Apolo proiektua” dugu ardatz: osasunerako produktuek osatzen dute, eta naturaltasun-, eraginkortasun- eta erabilerraztasun-premisak betetzen dituzten proiektuen garapena du oinarri. Esnearen zapore berezia ez du galtzen, eta Tetra Evero ontzian banatzen da (aitzindariak izan ginen, Tetrapack-en eskutik); gure kontsumitzaileentzako balio-proposamen onena da. Orain dela gutxi, “PROCELIAC” merkaturatu dugu, bereziki zeliakoentzat diseinatutako hautseko produktu bat, prebentzioa oinarri duena. Hainbat nutriente eta bitamina ditu, eta longus ES1 bifido-bakterioa. Produktu honek ez dakar glutenik gabeko dieta izatea —ezinbestekoa da gaixotasun hori duten guztientzat—, baina gutxitu egiten ditu gaixo askoren heste meharrean sortzen diren edo sor litezkeen hanturak. Gure helburua da etengabeko berrikuntza egitea,

uneko eta etorkizuneko beharrak asetzen saiatuz, eta kontsumitzaileak balioa ematen diegula uste duten produktuetan haztea, Apolo proiektuaren irizpideetan oinarrituta, bereizten saiatuz, eta, ahal denean, kopiatuko ez gaituztela ziurtatzeko patenteekin.

Zein dira, zure ustez, esne-sektoreko joera nagusiak, berrikuntzari dagokionez?

Esne-sektorea elikagaigintzako aktiboenetako bat da, eta, horregatik, etengabe merkaturatzen dira kontsumitzaileen beharrak asetzen saiatzen diren produktu berritzaileak. Nire ustez, gure kontsumitzaileak, gizarte hain aurreratuko kontsumitzaileak, gero eta kontzientziatuago daude alderdi sozial guztiekin, eta gogoan dute zer etorkizun

utziko diegun gure seme-alabei. Hori dela eta, enpresei eskatuko diete eraginkortasun handienarekin lan egiteko, baliabide urrien, energiaren, uraren eta abarren kontsumoak murrizteko. Bestalde, enpresek ahalik eta inpaktu txikiena izan behar dute ingurumenean, eta kontsumitzaileen elikadura-beharrak aseko dituzten eta patologia jakin batzuk prebenituko dituzten produktuak eskaini behar dituzte; gaixotu eta sendaketa-lanak egitea saihestu edo gutxitu nahi da, eta, horren ordez, elikadura onari eta ariketa fisikoari eman nahi zaio lehentasuna. Gaur egun, Cenit ikerketa-proiektu handietan parte hartzen ari gara, hala nola “Senifood” eta “Henufood” proiektuetan. Ziur asko, haiei esker lortuko ditugu osasungintzari lotutako etorkizuneko garapen garrantzitsu asko. Urrunago joateko, 2015-2020rako berrikuntzako plan estrategiko bat ezartzen saiatu ginen. Horretarako, AZTI-Tecnaliaren lankidetza izan genuen. Zentro teknologiko horrek, lehendabizi, “Technology Road Mapping” metodoko teknologia ezagutzen lagundu zigun, eta, gero, hura aplikatzen, baliabide guztiak plan hori garatzeko bideratuta.

Gaur egungo krisi ekonomikoaren testuinguruan, zer aukera ikusten dituzu berrikuntzan?

Krisi-garaian azaltzen dira aukera berriak, eta, CAPSArentzat, berritzea da garai konplexu hauetan bizirik irauteko modua. Guretzat, lehiakortasun-faktore bat da berrikuntza: berrikuntzak arrakastatsua izan behar du; horretarako, enpresa guztiaren nahia eta konpromiso erreala izan behar dira, eta merkatura bideratu behar dira helburuak. Oreka bat aurkitu behar dugu erabiltzen ditugun baliabideen eta lortu nahi ditugun helburuen artean, eta barneko eta kanpoko lantalde kualifikatuenak konbinatzen saiatu.

Adibide bat “PROCELIAC” mikroorganismoa dugu. IATAk (CSIC) aurkitu zuen, Biopolis-ek —CSICen spin off-ak— garatu industrialki, eta gure korporazioak merkaturatu, esne-hautseko produktu gisa. Urtebeteko bizitza erabilgarria du produktu horrek, eta urrutiko herrialdeetan merkaturatu daiteke. CAPSAk bost ikerketa-lerro ditu: produktuak, prozesuak, elikagai-segurtasuna, jasangarritasuna eta nutrizioa. Arlo horietako bakoitzean ari gara aukerak bilatzen.