Ikerketa-lanak egiten ditugu, Europako eta munduko arrantza-arloko ikerketa-zentro nagusiekin lankidetzan, itsas ingurunearen eta hango arrantza-baliabideen jasangarritasuna lortzeko oinarri zientifikoak finkatzeko. Nazioarteko hainbat erakunderekin egiten dugu gure ikerketa-lana; esaterako, erakunde hauekin: ICCAT, IOTC, ICES/CIEM, NAFO eta STEFC. AZTIko ikertzaileek aktiboki parte hartzen dute erakunde horietan.

Modu eraginkor eta bidezkoan laguntzen dugu munduko edozein itsaso eta ozeanotan diharduten euskal flotek ustiatzen dituzten espezie nagusiak ezagutzeko eta haien ebaluazio integrala egiteko. Modu aktiboan parte hartzen dugu kudeaketa-kontseilu zientifikoaren formulazioan, baliabideak eta arrantza modu jasangarrian ustia daitezen eta, hala, baliabideak egoera onean egotea eta ustiapen arrazionalean inplikatuta dagoen arrantza-sektoreak irautea ziurtatu dadin.

Arrantza-baliabideen ustiapen-mailei eta eboluzio-perspektibei buruzko txosten zientifikoak egiten laguntzen dugu, gero arduradun politikoek kudeaketa-neurri egokiak ezar ditzaten jardueraren jasangarritasuna bermatzeko. Jakintza-esparru honen funtsezko egitekoetako bat da EAEko eta Espainiako administrazioari eta arrantza-sektoreari informazioa eta aholkuak ematea arrantza-lekuei buruz eta administrazio bakoitzak ezarritako politikak ziurta ditzaketen kudeaketa-neurriei buruz.

Hiru ikerketa-esparru hauek ditu ardatz gure jarduerak:

Behaketa eta datuak

Arrantza sektorearekin lan egiten dugu bere jasangarritasunaren alde.

Arrantza Laginketaren eta Informazioaren Sarearen bidez, lehorreratzeei, bazterkinei eta harrapakinen ezaugarri biologikoei buruzko datuak biltzen ditugu. Nabarmentzekoa da gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari direla floten dinamikarekin erlazionatutako datuak, oraintsu biltzen hasiak (ontzien kokapenari buruzko datu espazialak).

Gure adituek hainbat parametro biologikori buruzko informazioa lortzen dute (populazioaren egitura, hazkundea, ugalketa, heriotza-tasa naturala…) espezie komertzialen portaeran oinarrituta (hots, haien banaketan eta migrazioan oinarrituta).

Baliabide bizidunen ebaluazio integratua

Itsas-ingurunearen jasangarritasuna bilatzen dugu.

Hainbat kudeaketa-egoera eta harrapaketa-arau simulatzeko aukera ematen duten ereduak garatzen ditugu, zuzeneko eta zeharkako ebaluazio-tresnak erabiltzen dituztenak, zeinek kontuan hartzen baitute espazio tenporala, espezieen aniztasuna eta hainbat flota. Administrazio publikoari aholkua ematen diogu hainbat metodoren bidez stocken biomasa zuzenean ebaluatzeko kanpainak egitean (metodo iktioplanktonikoak, akustikoak, optikoak, etab. erabiltzen dira).

Arrantza-sektoreko enpresekin joaten gara arrantza-kanpaina esperimentalak egitera.

Kudeaketaren hurbilketa ekosistemikoa

Nazioarteko hainbat erakunderekin egiten dugu gure ikerketa-lana.

Aldagarritasun naturalak eta klima-aldaketak arrantza-baliabideen dinamikari nola eragiten dioten ikertzen dugu. Simulatzen dugu zenbait espezie maila jakin batean ustiatzeak zer ondorio izan ditzakeen eta horrek zer eragin izan dezakeen espezie haiekin batera harrapatzen diren beste espezie batzuetan. Flotaren errentagarritasun-azterketak egiten ditugu, eta aholkuak ematen ditugu flotak araudien bilakaerara egokitzeko.

marinasanturtun josusantiago