• Asmoa da kostua murriztea, esnekien ingurumen aztarna arintzea eta esnearen euskal sektorea lehiakorragoa bihurtzea.
  • Egitasmoa Landa Garapenerako Planak finantzatzen du, Eusko Jaurlaritzak sustatuta.
  • Abeltzainen ustiategien egoera eta euskal nekazaritzaren sektorearen iraunkortasuna hobetzen lagunduko du.

(Derio, 2017o abenduaren 19a ) esne plantetan esnea jaso, garraiatu eta entregatzeko logistika optimizatuko duten irtenbideak garatu eta balioztatzea, maila pilotuan; hori da AZTI, Kaiku S. Coop. eta Estudios GISen helburua, Esbiho Proiektuaren esparruan. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Landa Garapenerako Planaren barruan, eta hobekuntzak planteatzen ditu esnea jasotzeko eta software bat garatzeko, esnearen euskal sektorearen beharretara egokituta.

Abeltzainen ustiategietan esne gordina jaso, garraiatu eta esne plantetan entregatzeko logistikak esnekien kateari gehitu beharreko kostu handia eragiten du gaur egun.Egoera horrekin batera, esnearen prezioaren marjina urria kontuan hartuta, merkatuan dagoen lehiagatik eta esne litroa ekoizteko kostuen igoeragatik, beharrezkoa da kostuak optimizatzea balio kate osoan zehar.

Esbiho Proiektuaren nahia da esnea jaso, garraiatu eta entregatzeari lotutako kostu horiek murriztea, esnekien ingurumen aztarna arintzea eta esnearen euskal sektorea lehiakorragoa bihurtzea.

Proiektuaren hiru bazkideek –AZTI, S. Coop. Kaiku eta Estudios GIS– planteatu dituzten helburuen artean nabarmentzen dira esnea jasotzea ezaugarritzen duten alderdiak identifikatzea eta datu historikoak aztertzea, aldagai askoko analisiak eginez, faktoreen arteko harremana ezagutzeko eta kostu logistikoetan zeinek duten eragin handiagoa ikusteko. Halaber, jarduera honetan dauden baldintzak eta mugak baloratu dira, oinarrizkoak baitira produktuaren kalitatea mantentzen jarraitzeko eta kateko eragile guztiak koordinatzeko (jezteko ordutegia, esne kalitateak, zisternen edukierak, entregatzeko ordutegia, garraiatzeko gehieneko denborak, etab.).

Euskal sektoreari egokitutako soluzio logistikoak garatu dira, informazio geografikoko sistemetan (GIS) eta beste tresna aurreratu batzuetan oinarrituta, hainbat irizpideren arabera egiten diren kalkulu bolumen handia behar duten arazo logistikoak konpontzen laguntzeko.

Planteatutako soluzioen eta garatutako GIS tresnaren balioztapena esperientzia pilotu baten bitartez egingo da, zeinean parte hartuko duten Kaiku S.Coop.en abeltzaintzako ustiategiek, garraiolariek eta Iparlatek Urnietan duen esne plantak, Esnelatek. Azkenik, kostu logistikoak murrizteko eta sektorearen gainerako partaideetan hobekuntza ezartzeko potentzialaren ebaluazioa garatu da.

Abeltzaintzako ustiategien egoera hobetzea

Proiektuaren xedea da esnearen eta esnekien balio katearen lehiakortasuna handitzea, azpimarratuz abeltzaintzako ustiategien egoeraren hobekuntza eta euskal nekazaritza sektorearen iraunkortasuna.

Garraiolariek lanegun laburragoak izateak edo ibilgailuak mantentzeko kostu txikiagoa izateak lehen sektoreko zuzeneko langileen bizitza kalitatea hobetuko lukete.

Halaber, esne jasotzeko prozesua modernizatu ahal izango da, ibilbideak simulatzeko eta egokitzeko tresnak erabiliko direlako, datu estatistikoetan oinarrituta, eta modu azkar eta efiziente batean. Beste emaitza batzuk izango dira esne plantan esnea jasotzeko kudeaketa hobetzea eta plantan zain dauden zisternen kopurua murriztea.

Azkenik, lorpenen artean, halaber aipatu behar da klima aldaketa moteltzen laguntzea, erregai fosil gutxiago erabiliko direlako eta kutsadura atmosferikoa gutxituko delako, kilometro gutxiago egingo direlako eta garraiolariek ordu gutxiago behar izango dutelako.

Azken berriak