Elikagaien segurtasuna mehatxatzen duten eragile ugari daude. Nahiz eta guztiak atzematen diren ohiko teknika analitikoen bidez, teknika bioteknologiko berriek hainbat abantaila dituzte: detekzio-sistemaren sentikortasun handiagoa, eramangarritasun hobea (erraz eramaten diren kit txikiak), ekoizpen-sistemetara hobeto egokitzen dira (ekoizpen-sistemen barruan sar daitezke haien funtzionamenduan eragin gabe), eta zenbaitetan kontrolaren kostua merkatzen dute.

 

AZTI-Tecnalian elikagaiak kontrolatzeko, identifikatzeko eta trazatzeko detekzio-sistemen metodo eta diseinu berriak ikertzen ditugu, produktuaren kalitateaz gain, erosketaren eta kontsumoaren arteko denbora ere handiagotzeko. Eta guztia ingurumena ahaztu gabe egiten dugu, elikagai jasangarriak garatuz: elikagaiak egitean sortzen den inpaktua gutxitzera bideratutako ingurumen-osagaiak sartzen ditugu proiektu eta produktu guztietan (ontziek pisu txikiagoa dute, bilgarri gutxiago, ekoizteko erabiltzen diren teknologiak garbiagoak dira, emisio gutxiago).

 

Hautemate-sistemen teknologia, metodo eta diseinu berriak, nekazaritzako elikagaiak kontrolatzeko, identifikatzeko eta jarraitzeko:

  • Diagnostiko-metodo berriak.
  • Biosentsoreak.
  • Biologia molekularreko teknikak
  • Ontziratze adimentsua.

 



Biosentsoreak

 

Elikagaien industriak lehengaiak, prozesuak eta produktuak monitorizatzeko eta kontrolatzeko sistema gehiago eskatu ditu, eta horren aurrean AZTI-Tecnaliak biosentsoreak izateko aukera eskaini dio.

 

Biosentsoreak bilgarrietan sartutako alerta-sistemak dira eta «barra-kode» moduko batean oinarritzen dira. «Barra-kode» horiek substantzia bat dute (pH edo gasa) eta substantzia hori itxuraldatu egiten da mikroorganismoen hazkuntzak sortzen dituen hainbat egoeraren ondorioz. Esaterako, koloratzen denean.

 

Biosentsoreek honako substantzia hauek atzematen dituzte: ongarriak, gehigarriak, pestizidak, metal astunak, toxinak, botikak, poluitzaile organikoak, alergenoak, etab.

 



Biologia molekularreko teknika

 

AZTI-Tecnaliako biologia molekularreko laborategiak elikagaien sektoreko enpresen beharrei erantzuten die, Biologia Molekularreko teknika aurreratuenak aplikatuz landareen, animalien eta elikagaien laginak aztertzeko.

 

Merkaturatutako produktuak kautotzea arazo larria da, produktua prozesatzean kanpoko ezaugarriak galdu egiten baitira eta, ondorioz, ezinezkoa baita jatorrizko espeziea identifikatzea. Horregatik, merkataritzarako interesa duten espezieak identifikatzeak gero eta garrantzi handiagoa du elikagaien industrian, bai enpresak bere lehengaiak kontrolatzeko, bai prozesatutako produktuen etiketetan iruzur egitea saihesteko.

 

Biologia Molekularreko teknikek aukera ematen dute elikagaien eraldaketa- eta merkaturatze-prozesuek sortzen dituzten eskariak azkar eta zehatz konpontzeko.

  • Elikagaien trazabilitatea: animalia- eta landare-espezieak egiaztatzea eta genetikoki aldatutako organismoak aztertzea.
  • Landare, animalia eta elikagaietan eragile patogenoak diagnostikatzea (birusak, bakterioak eta onddoak) PCR teknikaren bidez.
  • Landare- eta animalia-laginen karakterizazio genetikoa: Espeziearen markagailu genetikoak lortzeko teknologia dugu, eta, elikagaietatik ateratako DNAtik abiatuz, beste edozein organismo identifika dezakegu.

 

Teknika horiek erabiltzeak abantaila ugari ekarriko dizkie enpresei: diagnostikoa egiteko azkartasunaz gain, lortutako emaitzen fidagarritasuna bermatzen du.

 

Bestalde, elikagaien enpresetan I+G jarduerak garatzeko kide teknologiko perfektua gara, aplikazio bioteknologikoetan aholkularitza eta laguntza ematen baitugu.

 



Ontziratze adimentsua

 

Produktuen aurkezpenak merkatu berrietara eta kontsumitzaileen beharretara etengabe egokitu behar direnez (gero eta elikagai seguruagoak, elikagarriagoak, iraunkorragoak eta kalitate handiagokoak), ontziratze sistemen bilakaera produktu berriena bezain dinamikoa da, etengabe agertzen dira merkatuan formatu eta ontzi berriak, material berriak (esaterako kristalaren antzeko ezaugarriak dituzten material plastikoak), etab.

 

Erosotasuna eta segurtasuna dira mundu osoan elikagaien ontziratzean bilatzen diren ezaugarriak. Erosotasuna irekitzeko erraztasunarekin, berriro ixteko aukerarekin eta abarrekin lotua dago. Ontziak egitean, kontuan hartzekoa da berrikuntza lotua dagoela ingurumenaren aldeko kontzientziarekin eta diferentziazioarekin, besteak beste.

 

AZTI-Tecnaliak ontziak “neurrira” diseinatzen eta egiten laguntzen dizu, produktuari erabat egokituta eta elikagaiak behar duenaren arabera. Hala, produktuaren araberakoak izango dira diseinua (opakutasuna, adibidez), iragazkortasuna, gas-osaketa, erabili den material-mota, etab.
Bestalde, kozinatzeko prest dauden produktu ontziratuak ezin hobeki egokitzen dira egungo kontsumitzailearen bizitzara, eta ontzitik atera gabe presta daitezke (mikrouhin-labean prestatzeko edo lurrunetan egosteko egokiak dira). Konponbide berri hauek produktuaren bizitza komertziala luzatzen eta higienea hobetzen dute.


Luzaroago eutsi kalitateari ontzi aktiboei esker

Elikagai fresko eta prozesatu gehienak bakterio-hazkuntzaren ondorioz hondatzen dira maiz. Ontziratze adimendunerako teknika berriek ontziratzearen baldintzak aldatzen dituzte, hartara elikagaien bizitza komertziala luzatzeko, elikagai seguruagoak lortzeko eta/edo propietate organoleptikoak denbora luzeagoan mantentzeko. Sistema horiei esker, produktuaren bizitza komertziala luzatzen da, eta hori, zalantzarik gabe, onuragarria da kontsumitzailearentzat; baina, aldi berean, ekoizleentzat ere abantaila ekonomikoa da.

 

Kontserbazio-denbora luzatzeko edo ontziratutako elikagaien egoera mantentzeko edo hobetzeko erabiltzen diren material eta objektuak dira ontzi aktiboak. Gainera, zenbait osagai dituzte ontziratutako elikagaiei edo haien inguruari substantziak transmititzeko edo ontziratutako elikagaietako edo haien inguruko substantziak xurgatzeko.


Zergatik ez dugu bilgarria jaten?

Film eta estaldura jangarriek elikagaien babesa hobetzen laguntzen dute hesi-propietateei esker, eta gainera elikagaiei ezaugarri funtzionalak eta nutritiboak ematen dizkie. Ez pentsatu gehiago, eta egin apustu estaldura jangarrien alde: abantaila besterik ez du: baliabide berriztagarriak, material biodegradagarriak, biobateragarriak, ez-toxikoak, antimikrobianoak eta gainera hesi-propietate bikainak.


 

Comparte este contenido:
Digg! Reddit! Del.icio.us! Mixx! Google! Live! Facebook! Technorati! StumbleUpon! MySpace! Yahoo! Meneame! LinkedIN!