Datorren azaroan, Malaspina 2010 espedizioa abiatuko da Cadizetik. Diziplina anitzeko proiektua da. Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Gorena (CSIC) du buru, eta aldaketa globalak ozeanoan duen eragina ebaluatzea eta biodibertsitatea aztertzea da proiektu horren helburua. Guztira Espainiako 19 erakundetako 250 ikertzailek baino gehiagok hartuko dute parte proiektuan; tartean, AZTI-Tecnaliak. Dena dela, 400 lagun baino gehiago izango dira guztira, bazkide diren atzerriko 16 instituzioetako ikasleak eta ikertzaileak kontuan hartzen badira. NASA, Europako Espazio Agentzia eta Kalifornia, Rio de Janeiro, Washington eta Vienako unibertsitateak dira atzerriko erakunde horietako batzuk.

Bederatzi hilabetez, Hesperides eta Sarmiento de Gamboa ikerketa ozeanografikorako ontziek 42.000 itsas milia egingo dituzte bien artean. Gehientsuenak Hesperidesek egingo ditu; Cadizen hasiko du ibilbidea, eta Rio de Janeiro, Punta Arenas, Ushuaia, Lurmutur Hiria, Perth, Sidney, Honolulu, Panama, Cartagena de Indias, Cartagena eta berriz ere Cadiz bisitatuko ditu. Sarmiento de Gamboak, bestalde, Las Palmasetik (Kanaria Handia) Miamirainoko ibilbidea egingo du. Geldialdi bakoitzean, ekitaldiak eta hitzaldiak antolatuko dituzte, aldaketa globalaren ondorioak ezagutarazteaz gain itsas ikerketak eta Malaspina espedizioak duten garrantziaren berri emateko.

70.000 lagin jasoko dituzte

Taldeak 350 gunetan egingo ditu probak, eta 70.000 aire-, ur- eta plankton-lagin jasoko ditu, ur-azaletik hasi eta 5.000 metrorainoko sakoneran bukatuta. Diziplina anitzeko ikerketa garatzea dute helburu; gaikako 11 bloketan egongo da bereizita, aldaketa globalaren eragina eta ozeano sakoneko biodibertsitatea aztertzeko. Hala, tenperatura, gazitasuna eta elikagaien kontzentrazioa aztertuko dituzte ozeanoko zenbait zonaldetan. Baita ozeanoaren eta atmosferaren arteko gasen elkartrukatzea, itsasoak xurgatutako CO2-aren noranzkoa eta ozeanoko substantzia kimikoen eragina nahiz balizko toxikotasuna ere. Fitoplanktonaren, zooplanktonaren eta itsaso sakoneko mikroorganismoen dibertsitatea eta metabolismoa ere ikertuko dituzte.

Jasotako lagin guztiekin eta espedizioaren bilakaerari buruzko informazio eta irudiekin Malaspina 2010 bilduma osatuko dute. Hamarkada luzeetan zigilatuta egongo da hura, garapen zientifiko berrien esperoan. Denboraren kapsula moduko bat izango da, beraz, eta, horri esker, datozen belaunaldiek material ugari izango dute ikertzeko eta horren gainean teknika berriak garatzeko.

Sei milioi euro

Consolider-Ingenio 2010 programaren barruan dago espedizioa, eta Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatu du. Bertako partaide dira CSICeko 27 ikerketa-talde, Espainiako Ozeanografia Institutua, 16 unibertsitate, museo bat, ikerketarako fundazio publiko bat eta Espainiako armada. Finantzazioa, guztira, sei milioi euro da, eta CSICek, Espainiako armadak eta BBVA fundazioak ere lagundu dute horretan.

Informazio gehiago: www.expedicionmalaspina.es

Itzulpena: Basque Research

Comparte este contenido:
Digg! Reddit! Del.icio.us! Mixx! Google! Live! Facebook! Technorati! StumbleUpon! MySpace! Yahoo! Meneame! LinkedIN!