Prentsa-Gunea
Informazio gehigarria
Aingiraren Espainiako lehen jardunaldietan espezie horretan adituenak elkartu dira Donostian
(Donostian, 2010eko irailaren 27an). AZTI-Tecnaliako zuzendariak, Rogelio Pozo, eta Ingurumen, Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioaren Natura eta Landa Zuzendariak, José Jiménez García-Herrera, bihar inauguratuko dituzte Aingiraren Espainiako Lehen Jardunaldiak. Hainbat kolektibotako ehun bat espainiar eta europar aditu izango dira: komunitate zientifikoetakoak; zenbait erakunde eta administrazio publikotakoak (autonomikoak, estatukoak eta Europakoak); arroen kudeaketarako erakundeak; CITES agintariak; akuikulturako enpresak, arrantzaleak eta merkaturatzaileak; eta talde kontserbazionistak.
Jardunaldietan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailareko Sailburuordea, Jon Azkue, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua, Rafael uribarren eta Uraren Euskal Agentziako (URA) zuzendaria, Iñaki Urrizalqui, egongo dira.
Jardunaldietan, populazioaren azterketa biologikoa egingo da, bai eta arrantza-tokiena, akuikulturarena eta merkaturatzearena ere. Bestalde, Espainian dauden berreskuratze-planak aztertuko dira, bai eta horiek jasotzen dituzten kudeaketa-neurriak ere. Azkenik, gaur egun espezie horren inguruan garatzen ari diren ikerketa-lanak berrikusiko dira.
Zaindu beharreko espeziea
Munduko historia interesgarri eta gorabeheratsuenetako bat duen espeziea da europar aingira (Anguilla anguilla), eta haren biziraupena une erabakigarrian dago. Aingiren erreklutamenduak* gainbehera egin du nabarmen Europan azken 25 urteotan; horregatik, Europako Ministroen Kontseiluak zenbait neurri hartu zituen europar aingiraren populazioa berreskuratzeko, 1100/2007 (EE) Araudian jasotzen diren neurriak, hain zuzen. Gainera, 2009ko martxoaren 13tik, CITES Basoko Faunako eta Florako Espezie Mehatxatuen Nazioarteko Merkataritzari buruzko Konbentzioaren II. luzapenean sartu dute aingira; han jasotzen dira haien biziraupenaren aurkako erabilerarik ez izateko merkataritza kontrolatua behar duten espezieak.
Espainiar estatuko zenbait puntutako datuek berresten dute egoera kezkagarri hori; hala ere, orain arte ez dira bildu espezieari buruzko estatu osoko datuak. Horregatik eskatu dio, hain zuzen, Ingurumen, Landa eta Itsas Inguruko Ministerioaren Biodibertsitateko Zuzendariordetzak AZTI-Tecnaliari, itsas eta elikagai-ikerketan aditu den aldetik, aingirari buruzko lehen jardunaldi hauek antolatzeko, espezieak Espainian duen egoera biologikoa eta ustiapena berrikusteko.
Argibide gehiago lortzeko: www.azti.es/anguila
* Erreklutamendua: errunaldi batean jaiotako populazio bateko banakoen belaunaldia, neurri jakin batera iristean arrantza-tokira sartuko dena.












