Donostia, 2010eko uztailaren 14a. Mende honen amaierarako itsasoaren batez besteko maila 49 cm igotzea aurreikusten da, eta horrek Gipuzkoako itsasertzeko 111 hektareari eragin diezaieke, AZTI-Tecnaliak Ikasketa Aurreratuen Mediterraneoko Institutuarekin (CSIC-UIB) lankidetzan egin duen ikerketa baten emaitzek diotenez. Bestalde, Kantauriko itsasertzean itsasoaren batez besteko maila urteko 2,1 milimetro igo da 1943 eta 2001 bitartean, eta horrek esan nahi du 61 urtean 12,8 cm igo dela. Euskal teknologia-zentroko zientzialariek ikerketak egin dituzte klima-aldaketak euskal itsasertz eta estuarioetan dituen eraginak eta ebidentziak neurtzeko; ikerketa horiek Estuarine, Coastal and Shelf Science nazioarteko aldizkarian argitaratu dira, eta gai hori interesatzen zaien erakundeen eskura jarriko den bideo batean bildu dira.

"Klima-aldaketa Euskal Herrian, itsasoaren mailaren igoera" izeneko bideoa gaur aurkeztu dute Donostiako Aquariumean Nieves Terán Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak, Rogelio Pozo AZTI-Tecnaliako zuzendariak eta Guillem Chust AZTI-Tecnaliako ikertzaileak; bideo horretan, ikerketa horretatik ateratako ondorio esanguratsuenak azaltzen dira.

Santanderko mareografoko neurketek agerian utzi dute 1943 eta 2004 artean itsasoaren batez besteko maila urteko 2,1 milimetro igo zela Kantabriako itsasertzean. Igoera hori bat dator erregistro laburragoak dauzkaten Bilbo eta Donibane Lohizuneko mareografoen serie-azterketekin. Bestalde, itsasoaren tenperaturaren proiekzioak egin dira Bizkaiko Golkorako, berotegi-efektuko gasen isurketen hiru agertoki aintzat hartuz; horretarako, zenbait klima-eredu atmosferiko eta ozeaniko orokor erabili dira. Tenperatura-aldaketen ondorioz itsasoak izango dituen aldaketak zenbatesteko erabiltzen dira proiekzio horiek. Emaitzek erakusten dutenez, Klima Aldaketako Adituen Gobernuarteko Taldeak aintzat hartu dituen agertokiekin, 2001 eta 2099 artean Bizkaiko Golkoko itsasoaren maila 28,5 eta 48,7 cm artean igoko da, hedapen termikoaren eta izotz-urtze globalaren ondorioz.

Itsasoaren mailaren igoerak kostaldeko eta estuarioetako habitatetan izan dezakeen eragina neurtzeko, LIDAR teknologia erabili da. Teknologia horrek laser-igorle batetik objektu edo gainazal batera dagoen distantzia zehazteko aukera ematen du, laser-izpi pultsatua erabiliz. Horrela, lurzoruaren bereizmen handiko eredu digitala sortzen da. Aztertutako kostaldearen itsasgora-mailari itsasoak izatea espero den igoera gehitu zitzaion (48,7 cm), Gipuzkoako itsasertzaren uholde-arriskuaren mapa sortzeko. Emaitzek adierazten dutenez, igoera horrek kostaldeko 111 hektareari eragingo lieke XXI. mendearen bukaeran; hektarea horiek, batez ere, estuarioetakoak dira, eta lurreko habitatak eta habitat artifizialak izango lirateke kaltetuenak. Hareazko hondartzek gaur egun duten zabaleraren % 25 eta 40 galtzea espero da, kostaldeko batez besteko ertzak atzera egitean.

Itsasoaren mailaren egungo igoerak kostaldean duen eragina esanguratsua den arren, eragin hori ez da hain begi-bistakoa, giza jardueren presio handia dela eta. Hala ere, Gipuzkoako itsasertzak hondartzen eta paduren hiru hektarea galdu ditu 1954 eta 2004 artean, itsasoaren mailak gora egitearen ondorioz. Horrez gain, kostaldeko habitaten 139 hektarea eraldatu egin dira; horietatik, 98 gizakiaren ekintza zuzenaren ondorioz aldatu dira.

Itsasoaren maila igotzearen ondorioz kaltetuko diren eremu eta habitaten arriskuak neurtzea erabilgarria izan daiteke, administrazioek klima-aldaketa globalera moldatzeko neurriak har ditzaten.

Ikerketa hau K-Egokitzen proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horren helburua klima-aldaketak Euskadin izango dituen eraginak aztertzea da, bai eta beharrezko egokitze-neurriak ebaluatzea ere. K-Egokitzen proiektuaren aitzindaria Labein-Tecnalia da, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Industria eta Berrikuntza Sailak elkarrekin finantzatzen dute, ETORTEK programaren bidez. K-Egokitzen proiektuari buruzko informazio gehiago hemen aurki daiteke: http://info.labein.es/k-egokitzen/about/.

Bideo didaktikoa eta dibulgatzailea

AZTI-Tecnaliak "Klima-aldaketa Euskal Herrian, itsasoaren mailaren igoera" izeneko bideoan jaso ditu ikerketaren ondorio azpimarragarrienak (euskarazko bertsioa ere badago). Ikus-entzunezko didaktiko eta dibulgatzaile hori eskuragarri egongo da itsasoarekin eta ingurumenarekin zerikusia duten unibertsitate-fakultateentzat, ikastetxeentzat, kostaldeko udalerrientzat, itsasoko interpretazio-zentroentzat eta gaia interesatzen zaien bestelako erakundeentzat.

Informazio guztia, maiz egindako galderak eta bideoa web-orri honetan eskura daitezke: www.itsasnet.com

Comparte este contenido:
Digg! Reddit! Del.icio.us! Mixx! Google! Live! Facebook! Technorati! StumbleUpon! MySpace! Yahoo! Meneame! LinkedIN!