Prentsa-Gunea
Informazio gehigarria
Central Lechera Asturianak, AZTI-Tecnaliaren laguntzarekin, bere produktuen ingurumen-inpaktua murriztu du, karbono-aztarna kalkulatuta
PAS 2050 arauari (nazioartean aintzatetsia) jarraiki egin da kalkulua, produktuaren "B2C" (Business to Consumer) bizi-zikloaren azterketa xehatua barne: lehengaiak eskuratzen direnetik hasi, gero, esnearen tratamendua, ontziratzea eta banaketa, erabilera edo kontsumoa, eta, azkenik, produktuaren bizitzaren amaiera.
Central Lechera Asturianak murriztu egin nahi ditu ingurumen-inpaktuak, bere prozesuetatik haratago, hornidura-kate guztia sartuz, eta hori izan du abiapuntu ekimen honek. Karbono-aztarna neurtuta, berotegi-efektuko gasen emisioak kuantifikatu ahal izan dira, eta CO2e-terminotan zehaztu dira 2008an abiatutako jasangarritasun-planaren ondoriozko ingurumen-hobekuntzak.
Horren adibide bat da mugikortasun-plan jasangarri bat martxan jartzea, banaketa- eta logistika-sistema hobetzeko neurriak dakartzana. Beste zenbait ekintzaz gainera, ekimen honek bultzatzen du trena erabiltzea merkantzien garraiorako, bioerregaiak erabiltzea ibilgailuetarako eta garraio-ibilbideak optimizatzea; hala, 3.228 tona CO2e gutxiago igorri ziren 2010ean.
Halaber, klima-aldaketaren aurkako konpromisoa erakusten du emisioak murriztu izanak prozesuaren eraginkortasunaren bidez edo, pixkanaka-pixkanaka, energia alternatiborik garbienak erabiltzeak. Hala, instalazioetan jarritako kogenerazioko eta trigenerazioko sistemekin 2010ean sortutako energia primarioan egindako aurrezpenari esker, atmosferara 14.000 tona CO2e igortzea saihestu zen.
Gaur egun, merkatu oso lehiakorra eta gero eta globalagoa da elikagaiena, eta irtenbideak bilatu behar ditu ekoizpen-kostuak murrizteko eta merkataritza-marjinari eusteko. Bestalde, kontsumitzaileek, industriak eta gizarteak, oro har, gero eta sentsibilizazio handiagoa dute jasangarritasunarekin lotutako alderdiekin, gero eta errespetu handiagoa dute ingurumenarekiko, eta eskatu egiten dituzte halako alderdiak; beraz, gero eta garrantzi handiagoa dute.
Alde horretatik, karbono-aztarna neurtzeak aukera ematen du jasangarritasun-irizpideak sartzeko enpresaren estrategian eta CO2-emisioak murrizteko neurri zehatzagoak hartzeko. Central Lechera Asturianak Jasangarritasun Plan bat egin du, bost zutabekoa, eta horietako baten zati da apustu hori. Planaren helburua da erakundearen ekimen guztiak konpromiso horretara bideratzea eta oinarriak jartzea hazkunde ekonomikoa eta ingurumenaren zaintza bateragarri egiteko, produktibitatearen eraginkortasuna handituz, baliabide gutxiago kontsumituz eta hondakin gutxiago sortuz.
Jasangarritasun Plana, maila guztietarako
Central Lechera Asturianak ingurumen-inpaktuak murrizteko dituen ekintzetako bat besterik ez da karbono-aztarna kalkulatzea. Gainerako jarduerak dira, besteak beste, uraren kudeaketa eraginkorra (aztarna hidrikoa kalkulatuz, hau da, litro bat esne produzitzeko erabiltzen den ura), energia-kontsumoak optimizatzea edo merkaturatutako edo ekoizpen-prozesuan bertan sortutako ontzien hondakinak murriztea.
• CO2e: karbono dioxido baliokidea, gas bakoitzak CO2arekin alderatuta duen berotze-ahalmena kontuan hartuta.












