Prentsa-Gunea
Informazio gehigarria
AZTI-Tecnaliak ‘Zebra-arrainari eta sortzen ari diren teknologia berriei buruzko lehenengo topaketak’ antolatu ditu Bilbon
“Zebra-arrainari eta sortzen ari diren teknologia berriei buruzko lehenengo topaketa” Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da azaroaren 25 eta 26an, AZTI-Tecnaliak eta UPV/EHUk antolatuta. Esperimentazio-animalia honen erabilera izugarri ugaritu da azken urteotan, oso egokia baita pertsonen osasunari, elikadurari eta bioteknologiari buruzko ikerketak egiteko. Topaketa hau DARENET Espainiako Plataforma Teknologikoak sustatu du. Plataforma hori zebra-arraina (Danio rerio) animalia-eredu gisa sustatzeko sortu den, eta euskal zentro teknologikoak koordinatzen du. Espainiak zebra-arrainaren hainbat erabileretan I+G egiten duten 20tik gora ikerketa-zentro, unibertsitate eta enpresa ditu, eta nazioarte-mailan posizio ona hartzen ari da eredu horren erabilpenean.
Europa osoko ehun ikertzaile baino gehiago etorriko dira jardunaldi hauetara. Jardunaldien helburua da zebra-arraina aplikagarria den zientziaren arlo guztietan oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua indartzeko erabiltzen hasi diren azken teknologiak aurkeztea eta horien inguruan eztabaidatzea. Topaketa honetan, zebra-arraina animalia-eredu gisa garatzea ahalbidetu duten azken aurrerapen teknologikoei buruz arituko dira —genomika, proteomika, bioinformatika, mikroskopia, transgenikoen lorpena eta erabilera barne—. Horrez gain, animalia honen zaintzari eta maneiuari dagokienez, laborategiko baldintza kontrolatuetan —beti ere animaliaren ongizate-zehaztapenak beteaz— egin diren azken aurrerapenei buruz ere arituko dira.
Zebra-arrainaren animalia-eredua oso azkar zabaltzen ari da zientziaren eta enpresen esparruetan, beste ezaugarri batzuen artean goi-mailako ornodunekin (pertsonak barne) antzekotasun genetiko handia duelako, erraz erabili eta ugaltzen delako eta teknologia genomiko eta proteomiko berriak erabiltzeko aukera handiak eskaintzen dituelako. Zientzia-komunitatearen baitan izan duen gorakadaren arrazoi nagusietako bat da bere hazkuntzaren lehenengo aldietan ia erabat gardena dela, eta, horri esker, ikertzaileek zehaztasun handiz ikus ditzaketela haren organismoan gertatzen diren prozesuak. Halaber, egokia da enbriogenesi-prozesua aztertzeko. Izan ere, haren enbrioiak ere gardenak dira eta oso azkar hazten dira. Horrek behaketa zientifikoa errazten du.
Horrez gain, erraz hazten da eta horrek kostu txikiagoa eragiten die laborategiei, esperimentatzeko erabiltzen diren beste animalia batzuk (akuriak, untxiak, esaterako) erabiltzeak baino. Zebra-arrainari eta sortzen ari diren teknologia berriei buruzko lehenengo topaketaren kolaboratzaile nagusiak dira Genoma España Fundazioa eta Matachana Taldea. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren laguntza ere badu, bai eta Zientzia eta Berrikuntzaren Ministerioarena eta Agilent Technologies, Unión Biométrica, Zeiss, Bionostra, Tecniplast eta Biosis enpresena ere.
Kongresu hau DareNET teknologia-plataformak antolatu du, AZTI-Tecnaliak koordinatuta. Plataforma horren helburua da enpresek, unibertsitateek eta ikerketa-zentroek ezagutzaren eta aplikazioren alor guztietan erabiltzea animalia-eredu hau. DareNETek http://www.daniorerio.netizeneko webgunea du, eta, zebra-arraina erabiltzen duten ikertzaileen foro gisa baliagarri izateaz aparte, teknologia-plataforma horren lana zabaltzeko ere balio du. Beste helburu batzuen artean, ikertzaile gisa diharduten langileak formatzea eta lan-prozedura normalizatuak sortzea nahi du Plataformak, horrela zientzia-lanetan zebra-arrainaren erabilera sendotu eta indartzeko.












