Prentsa-Gunea
Informazio gehigarria
AZTI-Tecnaliak "Urrezko Q-a" jaso du kudeaketaren kalitateagatik
- Euskalit Kalitaterako Euskal Erakundeak eman du.
Zentro teknologikoak Kalitatea Kudeatzeko Europako Fundazioaren (EFQM) eredua aukeratu du bikaintasun-maila gorena garatzeko. Metodologia horri esker, AZTI-Tecnaliak erakunde gisa duen egitura berrikusi da, eta zehatz identifikatu ahal izan dira balioa sortzen duten jarduerak, bai bere jarduerarekin erlazionatutako enpresei eta erakundeei zerbitzua ematera bideratutakoak, bai gizarteari bere osotasunean bideratutakoak. EFQM ereduaren alde egiteak, gainera, erakundearen helburu estrategikoei erantzuteko balio izan du.
"Aintzatespen honek indarra ematen digu aurrera egiteko, hobeto prestatuta eta oso oinarri finkoarekin, erronkaz betetako etorkizunerantz" esan du Rogelio Pozok, AZTI-Tecnaliaren zuzendari nagusiak. "Lanean jarraituko dugu bikaintasun profesionala lortzeko bidean aurrera egiteko eta, hala, zerbitzua eman behar diegun bezeroen eta gizartearen beharrak asetzeko" esan du erakundearen arduradun nagusiak.
Kudeaketaren Urrezko Q-ak berretsi egin du AZTI-Tecnaliak egin duen ahalegina ezagutzan eta I+Gn oinarritutako eredu ekonomiko jasangarriaren erreferente izateko. "Eredu horrek erakutsi digu bideragarria dela, eta gizartearentzat balioa sortzen lagundu digu, azken 30 urteetan etengabe lanpostuak sortu eta haiei eutsi baitiegu" esan du Pozok. Egun, Fundazioak 213 zientzialari eta teknikari ditu, eta beste 47 pertsona ditu doktore-tesiak prestatzen.
Azken bi urteetan, 4 milioi euroko inbertsioa egin da I+Gn, eta 2011ko fakturazioa 19,6 milioi eurokoa izango da. Horrez gain, AZTI-Tecnaliak oinarri teknologikoa duten lau enpresa berriren sorrera sustatu du; enpresa horiek 21 milioi euroko inbertsioa mobilizatu dute, eta 100 lanpostu baino gehiago sortu dituzte. Pozok dioenez, "datu horiek bermatu egiten dute merkaturako enpresa, produktu, teknologia eta zerbitzu berriak sortuz ezagutza balio bihurtzeko egin dugun apustua".
Bikaintasuna esparru zientifiko-teknologikoan ere
AZTI-Tecnaliaren etorkizuneko proiektuan, esparru zientifiko-teknologikoko bikaintasuna ere sartzen da. Horretarako, Europako Batasuneko VII. Esparru Programaren 20 proiektutan parte hartzen du, eta haietatik biren buru da. Halaber, gure ikertzaileak "Euskadiren arrantza-interesentzat garrantzitsuak diren" erabaki edo kudeaketako nazioarteko talde batzuetako partaideak dira, erakundearen zuzendari nagusiak esan duenez. Besteak beste, talde hauetan parte hartzen dute: Europako Itsas Estrategiaren taldea, Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordea (ICCAT) eta Indiako Ozeanoko Atunari dagokiona (IOTC) eta Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Batzordea (ICES). Haietan, nazioarteko lau lantalderen eta nazioarteko bederatzi erakunde zientifikoren buru dira.
Halaber, zentro teknologikoak Europako eta estatuko industriako 10 plataforma teknologikotan parte hartzen du. Plataforma horiek oso gai ezberdinetakoak dira, hala nola elikagaien segurtasuna, akuikulturaren teknologia, zebra arraina, gastronomiari aplikatutako berrikuntza eta ingurumen-teknologiak. Horrek guztiak, gainera, ezagutza dakar Euskadira: azken urtean bakarrik, 28 ekitaldi antolatu dira, eta haietatik % 43 nazioartekoak izan dira. Guztira, 580 pertsonak parte hartu dute.
Erreferentziazko zentroa itsasoaren eta elikagaien ikerketan
AZTI-Tecnalia, itsas eta elikadura-arloko ikerketan aditua den zentro teknologikoa, fundazioa da, eta helburu hau du: bere jarduera-sektoreetan -itsasoa eta elikagaiak- garapen soziala lortzea eta haien lehiakortasuna handitzea, ikerketaren eta berrikuntza teknologikoaren bidez. Diziplina askotako profesionalek osatzen dute haren pertsonala, bi unitatetan antolatuta: Itsas Ikerkuntza eta Elikagaien ikerkuntza, analisi eta saiakuntzen zerbitzuek eta lagintze-alorrak lagunduta. Tecnalia Korporazio Teknologikoko partaide da AZTI-Tecnalia. Korporazio horretako kide dira, halaber, NEIKER-Tecnalia eta Tecnalia Research & Innovation.












