Prentsa-Gunea
Informazio gehigarria
AZTI-Tecnaliak Bilbo eta Donostiako itsas hondoen doitasun handiko kartografia aurkeztu du
Gaur aurkeztutako materiala euskal kostaren aurreko plataforma kontinental osoa kartografiatzeko proiektu batekoa da. Proiektu horretan xehatzen dira puntu azpimarragarrienak, hala nola harkaitzen azaleratze-eremuak, itsaspeko arroilak edo pezioak. Lan hori AZTI-Tecnaliako Itsas Dinamika eta Ozeanografia Operazionala sailak egin du. Aurki, plataformako beste puntu batzuei dagozkien mapa kartografikoak argitaratuko dira. Argitaratze-ordena, berriz, informazio horren erabiltzaile potentzialek adierazten duten interesaren araberakoa izango da. Horretarako, AZTI-Tecnaliak inkesta bat jarri du www.itsasnet.com web-orrian. Mapa guztiak http://tienda.azti.es/ web-orrian eskura daitezke, oso prezio merkean (inprimaketa- eta bidaltze-gastuak ordaintzeko).
Bilboko eremu geografikoko kartografiak Kobaron eta Barrika arteko barne-plataforma kontinentala hartzen du; Donostia ingurukoak, berriz, Donostiarena aurretiko itsas hondoa.
Ikerlan honetan lortutako informazioa baliagarria da itsas hondoak sedimentuen arabera sailkatzeko, hartxintxarrak, harea, lokatzak eta tarteko ñabarduren arteko bereizketa eginda. Era berean, artisau-arrantzari dagozkion eremuen eta arrantza-mota hori egiten den itsas hondoen xehaketa geografikoa egin da.
Itsas hondoen ezaugarriak jakitea oinarrizkoa da habitaten banaketa ezagutu eta aurreikusteko, baita klima-aldaketak habitatetan eta gure estuario eta hareatzen prozesu geomorfologikoetan izango duen inpaktua ondorioztatzeko ere. Bestalde, indarrean dagoen legeriari jarraiki, ezinbestekoa da itsas hondoen eta habitaten karakterizazio morfologikoa egitea, haiek babestu eta kudeatzeko beharrezko neurriak hartu ahal izateko.
Erabilera eta sektore onuradunak
AZTI-Tecnaliak egindako lanari esker, SASEMARek (Itsasoko salbamendu eta segurtasunerako elkartea), Ertzaintzak, Larrialdiak Artatzeko Zerbitzuek, Gurutze Gorriak eta beste zenbait erakundek itsas hondoetako plano hobeak eta xehatuagoak izango dituzte eskura, itsas istripuetako biktimen bilatze- eta erreskate-lanak optimizatzeko. Horrela, erreskate-lanen bilaketa-denbora eta gastuak murriztu egingo dira.
Artisau-arrantzaren sektorearentzat, bereziki itsaski-bilketa, tretza eta maila-sareen lanetarako oso erabilgarria izan daiteke informazio hori, arrantza oparoagoa izateko aukera ematen baitie. Halaber, portuetan ere oso baliagarria izango da informazioa, sakonera eta dragatze-beharrak zehazteko.
Informazio kartografiko hori itsas inguruari buruzko ikerketa-mota guztiak (biologikoak, geologikoak eta hidrodinamikoak) egiteko erabil dezake EHUk, AZTI-Tecnaliak edo inguru horri buruzko interesa duen beste edozein erakundek.
Itsas aisiarako jardueretarako ere onuragarria izango da azterketa hau. Surflarientzat oso interesgarria da kostatik hurbil dauden itsas hondoak ongi ezagutzea. Hondoen kokapena zehazki ezagutzeak eta olatu-baldintzak ongi aurreikusteak kirol hori egiteko tokirik eta momenturik egokienak aurkitzen lagunduko du. Era berean, informazio hori oso baliagarria izango da olgetako nautikarako eta kirol-arrantzarako.
Nautika-eskolek, bestalde, nabigazio-simulagailuetan sar dezakete informazio hori. Horrela, EAEko portuetara sartzeko maniobra birtualak hobeto egokituko dira errealitatera, eta horrek etorkizuneko kapitain eta ontziburuen prestakuntza hobetu egingo du.
Urpekaritza-elkarte eta -eskolek ere etekina atera diezaiokete informazio horri, murgilketak birtualki prestatzeko eta bisitatu nahi diren lekuak zehatz-mehatz eta segurtasun handiagoz planifikatzeko. Garraio publikoko itsasontziek, ingurumen-hezkuntzarako zentroek, itsas museoek, akuarioek, interpretazioguneek eta abarrek ere erabil dezakete informazio hori. Halaber, itsasoko kirol-ekitaldiak, eta nautika- eta arraun-elkarteak material horretaz profita daitezke.
Sorta aniztuneko zunda
AZTI-Tecnaliako ikerlariek sorta aniztuneko ekozunda erabili dute ikerketarako. Teknologia horrekin, pultsu akustiko anitzeko sorta baten bidez, hondoetako topografia erreproduzitu daiteke, zehaztasun handiz eta ikerketa-eremu zabal batean. Zehatza izateaz gain, azkarra da. Hori dela eta, laginketa-lanak nabarmen murrizten ditu. Kanpoko lanetarako ontzia erraz maniobratzen da, eta sakonera txikia du. Bestalde, oso egokia da laginketa-lanak itsasertzetik hurbil eta portu eta estuarioetan egiteko.
Informazio gehiago: http://tienda.azti.es/












