Prentsa-Gunea
Informazio gehigarria
AZTI-Tecnaliak, Mugaritzek eta De Dietrichek beren sukalde esperimentala aurkeztu dute: gastronomiaren eta etxetresna elektrikoen diseinuaren joera berriak erakusten dituen gunea
- Instalazio honi esker, sukaldeko teknologia berriak garatu ahalko dira, ekipoak baliozkotu eta kalitateko prestakuntza eman.
- Hiru erakundeek beren esparru-hitzarmena berritu dute, zientzia-gastronomia ardatza sustatzeko.
(Derion, 2011ko azaroaren 15ean) AZTI-Tecnaliak -itsas eta elikagai-arloko ikerketan espezializatutako zentro teknologikoak-, Mugaritzek eta Fagor Groupek -De Dietrich etxetresnen bitartez- beren sukalde esperimentala aurkeztu dute gaur. Instalazio moderno batzuk dira, ekipamendu berritzaileenak dituztenak zientzia eta gastronomia ardatza sustatzeko, sukaldeko teknologia berrien joerak garatzeko, etxetresna berriak diseinatzeko, ekipo berriak baliozkotzeko eta sukaldaritzaren eta elikagaien industriaren sektorean goi-mailako prestakuntza emateko. Gaur aurkeztutako gune hau -AZTI-Tecnalia zentro teknologikoaren Derioko egoitzan dago (Bizkaia)- 2008an jarri zen abian, eta, gaur, bere proiektuetako batzuk erakutsi dizkigu. Proiektuok adierazten dute zer apustu sendoa egin duten hiru erakundeek gastronomiari eta elikadurari aplikatutako ikerketaren abangoardian egoteko.
Sukalde esperimentala gastronomiaren eta etxetresnen diseinuaren benetako laborategi izateko sortu da, non sukaldariek, zientzialariek eta teknologoek elkarreraginean jarduten duten sormenak eta berritzeko gogoak markatutako lan-giroan. Horrela azaldu dute Azti-Tecnaliaren zuzendari nagusi Rogelio Pozok, Mugaritzeko chef Andoni Luis Adurizek eta De Dietrich markaren arduradun Ander Terradillosek, eta duela lau urte hiru erakundeen artean adostutako lankidetza-hitzarmena berritzeko agiria sinatu dute.
Instalazioetan, 150 metro dituzte, sukaldeko elementu berritzaileak daude; esaterako, mugarik gabeko indukzio-gainak eta hutsean egosteko teknologiak. Prestakuntza proiektuaren beste ardatz nagusietako bat da. Hori dela eta, sukalde esperimentalak bi gela ditu, bakoitza 20 lagunentzakoa, espezializazio-ikastaroak emateko, erakustaldiak egiteko eta goi-mailako sukaldariak trebatzeko egokiak. Sukaldeak ikus-entzunezko baliabide aurreratuak ditu, telebista-programak grabatu eta eman ahal izateko, eta, horrez gain, sukaldean gertatzen ari dena trebakuntza-geletatik zuzenean ikusi ahal izateko. Zorrozua Asociados enpresak parte hartu du sukaldea diseinatzen eta egiten.
Mugaritzek, proiektu honetan, sukaldaritzako produktu eta teknikei buruzko esperientziatik, azterketatik eta interpretaziotik abiatuta, goi-mailako sukaldaritzatik garatutako eta sortutako ezagutza guztia eman du; Fagor Groupek abangoardiako De Dietrich etxetresnak jarri ditu; eta AZTI-Tecnalia elikagai-berrikuntzaz eta elikagaien industriari aplikatutako teknologia berriez arduratzen da. Zientzia, industria eta goi-mailako sukaldaritzaren arteko interakzio horretatik sortu dira eta sortuko dira elikagaien industriarako proposamen eta konponbide berriak: sukaldaritzako kalitate handiko produktuak, sukaldaritzako benetako beharrei egokitutako teknologiak eta prestakuntza espezifikoa.
Kokapen egokia
Sukalde esperimentalaren abantaila handietako bat kokapena da; izan ere, AZTI-Tecnaliaren Elikagaiak Ikertzeko Unitatearen egoitzan dago, Bizkaiko Parke Teknologikoan, eta, hala, elikagaietan espezializatutako giza baliabideak eta baliabide teknologiko berak balia ditzakete. Sukaldetik bertatik egoitzako instalazio pilotuarekin lan egin daiteke. Instalazio pilotuak elikagaiak ekoizteko prozesuak industriaurreko eskalan erreproduzitzeko, elikagai berriak garatzeko eta teknologia berriak eta garabidean dauden teknologiak baliozkotzeko behar diren tresnak ditu. Hori guztia proposamen gastronomiko berrien kalitate sentsoriala eta nutrizio-kalitatea ahaztu gabe.
Sukaldea Euskal Herriaren goi-mailako sukaldaritzaren nagusitasuna mantentzen eta sustatzen laguntzen duen beste elementu bat da, eta nagusitasun horrek berekin dakar alor honetan berrikuntza sortuko duten ekipo eta teknologia berriak izatea, sukaldaritzaren eta teknikaren ikuspegitik. Azken alderdi hori ere oso interesgarria da; izan ere, gaur egun merkaturatu gabe dauden baina 5-10 urteko epean sukaldeetan -etxekoetan eta profesionaletan- egongo diren etxetresna eta ekipo berriak probatzeko eta baliozkotzeko ere balio du sukalde esperimentalak.












