AZTI-Tecnaliak arrakastaz gauzatu du Clean Feed proiektuko azpiproduktuen karakterizazioen hiru fasetatik bigarrena. Proiektu horren helburua da elikagaien industriaren sektorean sortzen diren azpiproduktu begetalak aprobetxatzea animalien elikadurarako. Horrenbestez, AZTI-Tecnalia zentro teknologikoak animalien elikadurarako ezaugarri aproposak dituzten azpiproduktuak karakterizatu eta sailkatu ditu. Zentro teknologikoaz gainera, Eusko Jaurlaritzak, Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak eta Tecnaliako Industria Sistemen Unitateak parte hartu dute proiektuan.

Produktu biodegradagarriek zabortegietan buka ez dezaten sortu da Clean Feed proiektua. Euskadin sortzen diren 25.000 tona produktu eta azpiproduktu begetalen hiru laurdenak baino gehiagok zabortegian amaitzen dute. Egoera hori arintzeko, AZTI-Tecnaliak EAEn sortzen diren hondakin begetalen karakterizazioa egiten dihardu, "sortze-inbentario" baten, laginketen eta laborategiko analisien bidez. Hori guztia pentsuetan erabiltzeko azpiproduktu begetalen egokitasuna neurtzeko.

Elikagai-industriaren sektore hauek sortzen dituzte azpiproduktu begetalak: patata (% 29,6), ardoa (% 27,7), banaketa (% 16,6), sagardoa (% 13,8), ogia (% 11,3), barazkien eta fruten sektorea (% 0,8) eta kafea (% 0,1). AZTI-Tecnaliak sektore horien informazio-bilketa sakon bat egin du, hala nola azpiproduktuen kantitateak, ekoizpen-ezaugarriak eta horien egungo kudeaketa aztertu ditu.

Laginketa-prozesuak eta laborategiko analisiak

Itsas eta elikagai-ikerketan aditua den zentro teknologikoak hiru laginketa-fase definitu ditu -udaberria, uda-udazkena eta negua-. Horrenbestez, urtaroko izatea kontuan hartuko da sektore bakoitzeko azpiproduktu begetalen tipologian. Halaber, laginketa-protokolo bat diseinatu du, eta sektore bakoitzeko enpresarik esanguratsuenak aukeratu ditu, lortzen diren laginak ahalik eta adierazgarrienak izan daitezen.

Laginak prozesatu eta zentro teknologikoko laborategietara bidaltzen dira. Azpiproduktu horiek pentsuen formulazio kimikoan erabiltzeko aproposak diren edo ez aztertzeko, analisi-parametroak aukeratu dituzte. Izan ere, laginek animalien elikagaientzako araututako merkatuko nutrizio-baldintzak eta arauak bete behar dituzte.

Laginketaren lehenengo faseko analisien emaitzek datu hauek -beste bi laginketa-faserekin berretsi behar dira- nabarmendu dituzte: hezetasun handia, % 80 baino handiagoa; proteina- eta gantz-balio txikiak, % 1en azpitik bi kasuetan; % 5 inguru azukre totalak; eta gutxi gorabehera % 1-2 zuntza. Izan nahi ez diren substantziei dagokienez, ez dute ohiz kanpoko baliorik aurkitu.

Azterketa analitikoez gain, Clean Feed proiektuak azpiproduktu horientzako konponbide tekniko bat proposatu nahi du, eta eskala errealean esperientzia pilotu bat egin nahi du hori guztia baliozkotzeko eta fintzeko. Helburua da jarduera-plan eraginkor eta bideragarri bat garatzea, azpiproduktu begetal horiek maneiatzeko, tratatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko, eta ondoren, animalien elikaduran aprobetxatzeko.

 

Zabortegietara iristen diren kantitateak murriztu behar dira

Gutxi gorabehera, merkaturatzen ez diren 25.000 tona fruta eta barazki, eta bestelako azpiproduktu begetalen hiru laurden zabortegietara botatzen da, eta hondakin gisa kudeatzen da. Frutak eta barazkiak merkatuko irizpideak (itxura txarra, forma ez erakargarriak, iraungitze-data hurbila eta abar) betetzen ez dituztelako baztertzen dira; azpiproduktuak, berriz, elikagai-industriaren produkzio-prozesuetatik eta eraldatze-prozesuetatik sortzen dira.

Zabortegietara botatzen diren hondakin biodegradagarriak gutxitzean datza gaur egungo hondakinen politika. Europako Batasuneko direktibak eta EAEko Bigarren Ingurumen Esparru Planak, bestetik, 2012an zabortegietan bukatzen duten hondakin biodegradagarriak % 50 gutxitzeko asmoa adierazi dute. Halaber, 2011-2014rako EAEko Hirugarren Ingurumen Esparru Planaren zirriborroaren helburua da hondakin ez-arriskutsuen balorizazio-tasa % 5 areagotzea eta lehengaiak azpiproduktuekin eta hondakinekin ordezkatzea.

Comparte este contenido:
Digg! Reddit! Del.icio.us! Mixx! Google! Live! Facebook! Technorati! StumbleUpon! MySpace! Yahoo! Meneame! LinkedIN!