Ekainaren 1ean, Hondarribian ekin zioten "pop up" edo satelite bidezko marken bidez hegaluzeari (Thunnus alalunga) markaketa eta segimendua egiteko lehenengo kanpaina zientifikoari. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak finantzatutako ekimena da, espezie horren migrazioari eta portaerari buruzko informazioa lortzea helburu duena, Bizkaiko Golkoko tunido epelen baliabideak (hegaluzea eta hegalaburra) kudeatzeko Kontseilu Zientifikoaren ebaluazio integralari eta formulazioari laguntza emateko.

Udako hilabeteetan, alegia, Atlantikoko uretako hegaluzearen arrantza-aldiak irauten duen bitartean egingo da AZTI-Tecnaliak antolatutako kanpaina. Zentro teknologikoko bi ikerlari baxurako ontzietan itsasoratuko dira, zenbait hegaluzeren bizkarraldean transmisore bat jartzeko eta, kirurgia bidez, arrainen barruan zenbait marka elektroniko jartzeko. Beste kanpaina batzuetan egiaztatu denez muskulu barneko metodo hori bideragarria den arren eta arrainen portaeran oso ondorio txikiak dituen arren, espezie horretan lehenengo aldiz erabiliko dira mota horretako satelite bidezko markak. Beraz, kanpainak arrakasta izateko, oso kontuz jarri beharko dira marka horiek.

Marka finkoek informazio nahiko xehea ematen dute arrainaren kokapenari eta mugimenduei buruz (aldagai hauek zehazten dituzte, besteak beste: presioa -sakonera-, tenperatura -barnekoa eta kanpokoa- eta giro-argia), baina, datu horiek jasotzeko, ezinbestekoa da arraina berreskuratzea. "Pop-up" marken bidez, ostera, datuak berreskuratzeko aukera handiagoa da; izan ere, automatikoki askatzen dira, eta, azalera iristean, satelite bidez bidaltzen dute informazioa kontrol-zentrora. Markak 4 eta 9 hilabete artean egoten dira martxan, informazioa bilduz eta metatuz, eta, horretarako, nahikoa da 40 gramoko gailu bat, 150 atmosferari eta hegaluzearen igeriketa azkarrari eusten diena.

Marka gehiago berrekuratzeko, tunidoen markaketa egiten duten programetan ordainsari bat ezarri dute. Izan ere, markaketa-programa batek arrakasta izateko, ezinbestekoa da kirol-arrantzaleek eta industria-arrantzaleek markak berrekuratzeko laguntza ematea. Hori dela eta, arrantza-sektorearekin elkarlanean jarri du martxan proiektu hau AZTI-Tecnaliak. Horri esker, arrantza-espezieen portaerari buruzko informazio gehiago biltzen ari da, eta gure erkidegoa nazioartean tokia egiten ari da gai horri buruzko ikerketaren arloan. Halaber, 2001az geroztik, kirol-arrantzako klubekin elkarlanean ari da, eta arrantza arduratsuari buruzko Euskadiko VII. Kopan ere parte hartzen du, arrantza arduratsua bultzatzeko.

Markaketa-teknikaren bidez, AZTI-Tecnaliak arrakasta handia lortu du orain arte. Esaterako, 2009ko abuztuan berreskuratutako marka elektroniko batek erakutsi zuen markatutako hegalaburrak 1.000 metrotik gorako sakonerako murgilaldiak egin zituela. 2007an, berriz, bi urte lehenago Hondarribiko kirol-portuko itsasontzi batek markatutako hegalabur bat harrapatu zuen Massachusetts-eko kirol-arrantzale batek. Adibide zehatz horiek alde batera utzita, azken hamarkadan 5.000 ale markatu dira ohiko markekin, "markatu eta askatu" modalitateko lehiaketetan nahiz olgetako itsasontzien ohiko jardueran. Ehun itsasontzik baino gehiagok hartu dute parte aisialdiko arrantzaleekin martxan jarritako elkarlan horretan.

Comparte este contenido:
Digg! Reddit! Del.icio.us! Mixx! Google! Live! Facebook! Technorati! StumbleUpon! MySpace! Yahoo! Meneame! LinkedIN!