Prentsa-Gunea
Informazio gehigarria
AZTI-Tecnaliak amaitu du ‘CapBreton 2010’ itsas ikerketako kanpaina
Ekainaren 29an hasi zen kanpaina zientifiko honetan, AZTI-Tecnaliako ikertzaileek espezie bentoniko-demertsalen laginak -itsas hondoetan bizi direnak- hartu dituzte, haien dibertsitatea eta ugaritasuna aztertzeko. Halaber, bentosaren (itsas hondoen) laginak hartu dituzte haien konposizioa aztertzeko, eta habitat bentonikoen irudiak grabatu dituzte. Informazio horrek guztiak balioko du inguruko ingurumen-egoera ebaluatzeko eta giza erabileren ondorioz habitat horiek jasaten dituzten presio eta inpaktuak ezagutzen saiatzeko.
‘CapBretón 2010' kanpainan, bestalde, ur-lasterrak neurtzeko hainbat gailu jarri nahi dira Bizkaiko Golkoko sakonera desberdinetan eta zenbait puntu garrantzitsutan, ur-lasterren norabidea eta abiadura zein den jakiteko, baita ur-zutabearen zenbait puntutako tenperatura zein den jakiteko ere. Laster-neurgailuek ozeanografia fisikoari buruzko datu zehatzak ematen dituzte, eta, haiei esker, itsaslasterren, itsasaldien edota olatuen prozesu fisikoak azter daitezke.
Europako Itsas Estrategia
‘CapBretón 2010' kanpainarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren finantziazioari esker, AZTI-Tecnaliak ekarpenak egin dizkio Europako Itsas Estrategiari, itsasoaren erabilera jasangarria eta itsasoko ekosistemen -besteak beste, itsas hondoen, estuarioen eta itsasertzen, eta, bereziki, biodibertsitate handia duten tokien- zaintza sustatzeko helburu duenari.
Giza ekintzagatik itsas inguruneari eragiten zaion gero eta presio handiagoaren ondorioz sortu da estrategia hau, besteak beste, itsas ekosistema batzuk mehatxupean baitaude, biodibertsitatea txikitu baita eta habitatak fisikoki suntsitu baitira. Era berean, itsas zaintzako programek dituzten hutsuneak zuzentzeko eta arlo horretako irizpideak bateratzeko proiektua ere bada. Azkenik, Europako Batasuneko itsas domeinua behar bezala gobernatzen lagundu nahi da proiektuarekin.
Europako Itsas Estrategiak ekosistemaren ikuspegia du; hots, ingurunea bere osotasunean hartzen du kontuan, gizakia eta haren jarduerak barne. Azken finean, Europako itsasoak eta ozeanoak babestu eta berreskuratu nahi dira, baita giza jardueren bideragarritasun ekologikoa zaindu ere, betiere itsas komunitateen eta industriaren bideragarritasun ekonomikoa eta soziala kontuan hartuta. Betiere, gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiek dibertsitate biologikoaz eta itsas ingurune seguru, garbi, osasuntsu eta produktibo baten dinamismoaz baliatzeko eta aprobetxatzeko aukera izan dezaten lortzeko helburua baztertu gabe.












