2010eko ekainak 21. AZTI-Tecnalia zentro teknologikoaren BIOMAN 2010 kanpainaren emaitzek adierazi dute poliki egin duela gora antxoaren biomasak, 36.500 tonakoa dela Bizkaiko golkoan, eta, 2005etik lehenengo aldiz, arreta-biomasatik gora dagoela.

Emaitza horiek bat datoz 2009ko iraileko JUVENA kanpainan egindako antxoa gazteen balioespenarekin; emaitzek adierazi zuten litekeena zela 2010ean helduen stock-biomasa arreta-biomasatik gora egotea 2005ean arrantza itxi zenetik lehenengo aldiz; espeziea berreskuratzea bultzatzeko hartu zen neurri hori.
Egunean jarritako arrautza-kopuruaren metodoa dute oinarri BIOMAN 2010 zientzia-kanpainaren emaitzek. Maiatzean egin da kanpaina, eta antxoa-populazioaren errute-eremu osoan hainbat ikerketa eta laginketa egin dituzte. Horri esker balioetsi ahal izan dute zer biomasa duen espezieak Bizkaiko golkoan.

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak nabarmendu du datuak itxaropentsuak direla: arrantza bost urtez itxita egon ondoren antxoaren biomasa arreta-biomasatik gora egon iteke -Europak 33.000 tonan ezarri zuen arreta-biomasa-, eta, hortaz, antxoaren arrantzak irekita jarraitu ahal izango luke.

Antxoaren berreskurapen horrek iradokitzen du egokia izan dela urteko harrapaketa-kopurua (TAC) mugatzea urtearen lehenengo seihilekoan arrantza behin-behinean irekitzean. Izan ere, neurrian ustiatzeko baimena eman dute, eta, horri esker, batetik, antxoa berreskuratu ahal izan da, eta, bestetik, antxoaren ustiaketan aritzen diren ontziak itotze-mugara eraman zituen itxiera konpondu ahal izan da.

Azken urteetako arrantza-aldietan huts egin ondoren, 2010eko arrantza-aldian ohi bezala arrantzatu ahal izan da. Horrek adierazten du antxoa hein batean berreskuratu dela. Orain, ikusteko dago antxoaren egoerari buruz zer behin betiko diagnostiko egiten duen CIEMek (Itsasoaren Ustiaketaren Nazioarteko Batzordeak) hil honen bukaeran.

Eskura dagoen informazio guztia aztertuta lortuko da antxoaren egoeraren behin betiko begiespena; biomasa kalkulatzeko egindako zientzia-kanpainen emaitzek osatzen dute, besteak beste, informazio hori: AZTI-Tecnaliak egindako BIOMAN 2010 kanpainaren emaitzek, Itsasoa Ustiatzeko Ikerketetarako Frantziako Ifremer Institutuak egindako akustika-kanpainaren emaitzek, eta arrantzatutakoaren eta antxoaren adinaren araberako banaketaren jarraipena.

Antxoak berez izaten ditu oparotasun-gorabeherak. Oso bizi-ziklo motza dutenez, (oso gutxitan bizi da hiru urtetik gora) eta inguruneko faktoreek eragin handia dutenez, arrainkumeen hazkuntzan eta iraupenean, populazio jakin baten oparotasuna belaunaldi berrik bakoitzean bizirik irauten duen proportzioaren mende dago erabat. Urtetik urterako oparotasun-aldaketen berri izateko eta antxoaren kudeaketa errazteko, AZTI-Tecnaliak udazkenero JUVENA kanpaina egiten du, udaberriko BIOMAN kanpainaz gainera, hurrengo urterako aurreikuspenak egin ahal izateko.

Itzulpena: Basque Research

Comparte este contenido:
Digg! Reddit! Del.icio.us! Mixx! Google! Live! Facebook! Technorati! StumbleUpon! MySpace! Yahoo! Meneame! LinkedIN!