AZTI-Tecnaliaren Elikagaiak Ikertzeko Unitateak Zientzia, Berrikuntza eta Teknologia Ministerioaren Cenit programan ari da parte hartzen. Programa horren helburua da obesitatea prebenitzeko elikagai berriak sortzea. Pronaos izena eman diote proiektuari, eta helburu orokorra du gorputzaren pisua erregulatzen duten faktore genetikoak, molekularrak eta nutritzaileak ikertzea. Teknologia berritzaileen bidez pisua erregulatzen eta obesitatea prebenitzen laguntzeko elikagai berriak garatzen saiatuko da AZTI-Tecnalia, hori baita gure gizarteko osasun publikoak duen arazo nagusietako bat.

Hau da AZTI-Tecnaliak Pronaos proiektuan izango duen zeregina: konposatu bioaktiboak txertatuz, obesitatea kontrolatzeko haragikiak diseinatzea. Halaber, produktu horien nutrizio-profila optimizatueta beren propietate fisiko-kimikoak eta sentsorialak mantenduko dira.

Zentro teknologiko hau gorputzaren pisua kontrolatzeko elikagai berriak sortzeko formulazioak eta prozesu teknologiko berriak diseinatzekoa ere bada. Produktu horiek nola kontsumitu behar diren eta egunean zenbat hartzea komeni den (RDA) zehatz adieraziko da.

Azkenik, garatutako elikagai funtzionaletan eraginkortasun-probak egingo ditu AZTI-Tecnaliak, gorputzeko koipea gutxitzen duten jakiteko.

Pronaos proiektuan Espainiako 13 enpresak hartzen dute parte, guztiak ere esne-produktu, haragiki, zereal, produktu dietetiko eta edarien sektoreetakoak, baita enpresa bioteknologikoak eta osagaiak hornitzen dituztenak ere. Enpresahoriez gain, estatu espainiar osoko zenbait ikerketa-zentrok ere parte hartzen dute proiektuaren garapen zientifikoan.

Pronaos ekimena Naos estrategian oinarritzen da. Estrategia hori Osasun eta Kontsumo Ministerioaren Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak (AESAN) garatu zuen, eta Munduko Osasun Erakundeak (MOE) sustatu. Estrategiaren xedea da elikadura osasuntsua eta ariketa fisikoa bultzatzea, obesitatearen gorako joera geldiarazteko, gero eta herritar gehiagori eragiten baitie. MOEko datuek adierazten dute munduan mila miloi lagunek baino gehiagok gehiegizko pisua dutela, eta, horietatik, 300 milioik, gutxienez, obesitatea.

Comparte este contenido:
Digg! Reddit! Del.icio.us! Mixx! Google! Live! Facebook! Technorati! StumbleUpon! MySpace! Yahoo! Meneame! LinkedIN!