Prentsa-Gunea
Informazio gehigarria
AZTi-Tecnaliak zebra-arraina ikerketa zientifikoetan erabiltzeko plataforma berri bat koordinatzen du
Zebra-arraina (Danio rerio) biologia-eredu bikaina da hainbat eremu zientifiko eta teknikotan ezarri ahal izateko, esaterako, biomedikuntzan, ingurumenean, akuikulturan eta elikaduran. Zebra-arrainaren erabilera zientzia- eta enpresa-eremuan bizkor zabaldu da, goi-mailako ornodunekin eta gizakiekin duen antzekotasun genetiko handiaren, erabiltzeko eta ekoizteko duen erraztasunaren, zein genomika- eta proteomika-teknologia berriak aplikatzeko eskaintzen dituen aukera handien ondorioz.
DareNET plataformak nahi du enpresek, unibertsitateek, eta ikerketa-zentroek beren ezagutza- eta aplikazio-eremu guztietan animalia horren erabilera sustatzea. Zebra-arraina era askotako aplikazio-eremuetan erabiltzen da, esaterako, konponbide terapeutikoen bilaketan, ikerketa toxikologikoetan edo giza gaixotasunen eredu gisa. Egungo ikerketaren aurrean alternatiba garrantzitsua izango litzateke; izan ere gaur egungo ikerketak ornodunekin egiten dira -adibidez, saguekin-, eta ekonomikoki garestiago dira.
DareNET plataformak www.daniorerio.net web gunea sortu du -foro gisa erabiliko da-, zebra-arraina erabiltzen duten ikertzaileen artean ezagutzak partekatzeko, baita plataforma teknologiko horren lana zabaltzeko ere. Beste helburuetako bat espezie horrekin lan egiten duten ikertzaileak espezifikoki trebatzea da, baita lan-prozedura normalizatuak sortzea ere, beren erabilera zientzia-lanetan finkatzeko eta sustatzeko.
Azkenik, DareNet plataformak zebra-arrainaren modeloa erabili ohi duten erakunde eta ikerketa-talde guztiak plataformaren kide izan daitezen nahi du, sarea guztientzako elkargune izan dadin, eta, era berean, Espainian eta gure inguruko beste hainbat herrialdetan sustatzeko eta zabaltzeko balio izan dezan.












