Azken urteetan elikagaiei loturiko ikerketen ondorioak hedatzeak ezagutza-trukea hobetu du, eta informazioa eskuragarriago bihurtu du. Horrek aukeraz beteriko mundu bat ireki dio gastronomiari.

Joerak erakusten du, alde batetik, produktu eta prozesu berriak aurkitu beharra dagoela, eta, bestalde, eguneroko ohiturak eta produktuak etengabe ebaluatzen direla hobetzeko edo balio erantsiak nabarmentzeko. Laborategietan erabiltzen diren teknologia eta metodoak berriro zehaztu dira, eta sukaldeko prozesuetan eta industriarako elikagai berrien garapenean erabiltzen dira.

Zientzia, teknologia eta gastronomiaren arteko elkarrekintza hori 2005ean bihurtu zen egia lehen aldiz. Ordutik, Mugaritz eta AZTI-Tecnalia elkarlanean ari dira elikagaien proposamen berriak eta hobetuak diseinatzen eta elikagai-industriari aplikatutako teknologiak garatzen eta egokitzen. Hala, chefak izaten du lehen ideia; hari, gero, metodo zientifikoa eta teknologia aplikatzen zaizkio, azken platera aurkeztu arte.

Halaber, Azti-Tecnaliak, Mugaritzek eta De Dietrich-ek lankidetza-proiektu baterako hitzarmena sinatu zuten. Haren emaitza da sukaldaritzako teknologia berrientzako, etxetresna berriak diseinatzeko, ekipo berriak baliozkotzeko eta sukaldaritza eta elikagaien industriaren sektorean goi-mailako prestakuntza emateko eremu esperimental bat sortu izana.

Bestalde, Pedro Subijanaren Akelarre jatetxeak ere AZTI-Tecnaliarekin lankidetzan aritzeko apustua egin du; plater berriak asmatu eta lehengoak hobetzea du helburu. Hartara, proposamen gastronomikoetako denborak murriztu egiten dira, eta teknika, teknologia eta ekipo berriak probatzen dira, goi-mailako gastronomiari aplikatzeko betiere.