AZTI-Tecnalian, hidrodinamika-, sedimentazio- eta poluzio-prozesuak aztertzen ditugu, eta, horretarako, aldagai ozeanografikoak neurtzeko tresneria aurreratua erabiltzen dugu. Tokian tokiko neurketen kalitatea osatzeko, estatistikako eta simulazioko erremintak erabiltzen dira neurketak analizatu, ebaluatu eta aztertzeko. Itsasoko prozesuak denbora errealean neurtu eta monitorizatzeko sistema eraginkorrak garatzea,

itsasoak izango duen portaera aurreikusteko zenbakizko aplikazioekin osatuta, oso lagungarria da gizakion ekintzek itsasoan duten inpaktua hobeto kudeatzeko eta ebaluatzeko, eta istripuen —hala nola hidrokarburo-isurien— eragina arintzeko.

  • Iragarpen-ereduen garapena eta hobekuntza: eredu biofisiko berriak eta haien optimizazioa ikertzea datuen asimilazioari dagokionez. Horrez gain, olatuak eta turbulentziak iragartzeko ereduen arloan dihardugu, atmosferaren eta ozeanoaren arteko erlazioari eta itsas korronteen portaerari buruzko ezagutza hobetzeko.
  • Itsas ingurunearen behaketa. Lehendik dauden eta orain sortzen ari diren teknologien aplikazioa: ingurumen-aldagaien informazio-sistemak garatzea espazioko bereizmen handiko satelite-informazioan oinarrituta. Itsas behaketarako teknologia berriak ezartzea (bideo-zaintza, sorta anitzeko akustikoa, estazio ozeanografiko-meteorologikoak, SAR, LIDAR, etab.)
  • Hidrodinamika-azterketak: korronteen hiru dimentsioko neurketak, mareen neurketak. Garraio sedimentarioa eta itsasertzaren dinamika. Arrain-hazkuntzako kaiolak kokatzeko azterketak, eta itsas inguruneko isurketetarako alternatiben analisia. Geure garapenetan oinarritutako hidrokarburoek sortzen dituzten kutsadura-arriskuen ebaluazioa.
  • Informazio-sistema ozeanografiko-meteorologikoak: estazio eta buia ozeanografiko-meteorologikoen sareak, ekipo-hornitzaileekin lankidetzan, itsas kondizioen denbora errealeko jarraipena egiteko askotariko itsas erabiltzaileentzat.